Palestinaren alde Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute

Guaixe

Osasun etxeko atetik Palestinaren alde egin zuten. 

Nazioartean makina bat tokitan eginen dira mobilizazioak. Deitzaileek mobilizatzera deitu dute: "herri presioak garaipenak lortzen dituelako. Boikot bakoitzak, mobilizazio bakoitzak, ekintza bakoitzak konplizitatearen kostua handitzen du"

Hilabeteko azken ostegunero bezala, Nasafek, Gazan su-etenaren aldeko Nafarroako osasun-komunitateak deituta, Altsasuko osasun etxearen parean kontzentrazioa egin zuten. Nasafeko kideek Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzeko deialdia egin dute. Manifestazioa lastailaren 3an, larunbatean, 18:00etan Golem zinemetatik abiatuko da. Manifestazioko elementu nagusia kometak izatea nahi dute, Gazako haurtzaroa identifikatzeko eta palestinar herriaren erresistentziarako elementu gisa azaltzeko. "Ekarri zure kometa! Kolorez bete dezagun borroka!". eskatu dute. 

Nasafeko kideek hiru aldarrikapen egin zituzten. Aurrena, "Israelekin harreman diplomatiko, ekonomiko, komertzial, akademiko, kirol eta kulturalak haustea". Hurrena, "Gazan benetako su-etena eta mugarik gabeko laguntza humanitario eta sanitarioaren sarrera". Eta, atzeran, "okupazioaren amaiera, apartheida eta genozidioa Palestinan". Gogorarazi zutenez, "Israel inoiz baino isolatuago dago, bere gizartea hausturaraino zatituta dago eta munduko iritzi publikoaren babesa galdu dute".

Okupazio eta erresistentzia
Bilkuraren akaberan azaldu zutenez, "gaur, Israelek garbiketa etnikoa egiten jarraitzen du Palestina historiko osoan, baita Libano hegoaldean ere. Han Israelek familia osoak kanporatu ditu beren etxeetatik, beren lurretatik. Alde egin nahi ez duten familiak, mendietan ezkutatuta beren etxeetara itzuli ahal izateko zain daude. Soldadu israeldarrek uztak, basoak eta olibondoak erretzen dizkiete, bizitza mota oro suntsituz".

Nabarmendu zutenez, "Zisjordanian eta Jerusalemen lurraldeen okupazioa biderkatu egiten da eta kolonoek herri palestinarraren aurkako basakeria euren bizimodua egiten dute inolako sistema judizial zein polizialek defendatu gabe". Eta Gazari dagokionez, "ia erabatekoa da biztanleria jazartzea, laguntza humanitarioa, botikak eta bizitzarako oinarrizko tresnak daramatzaten kamioien sarrera  blokeatzea", gaztigatu zuten.  

Deitzaileen iritziz, "sionismoak bere basakeria areagotzen du, ezinezkoa zirudien arren. Psikopata zaharrenak imajinatu ezinezko torturak eta bortxaketak burutzen dituzte soldadu eta poliziek Israelgo kartzeletan". Gaineratu dutenez, "palestinarrendako heriotza zigorra normalizatu eta ospatzeak, aisialdi eta dibertimendu leku bihurtutako urkamendia eraikitzeak, Israelgo jendartearen gizatasun eta balio galera osoaren irudi ona ematen du".

Eskaera gehiago
Azaldu zutenez, "agertoki dantesko horretan, Palestinako osasun langileek jazarpen bikoitza jasaten jarraitzen dute: palestinar gisa eta osasungintzako profesional gisa".Atzera ere, Hassan Abu Saffyia Doktorea askatzeko exijitu zuten: "Israelek leku ezezagunean mantentzen du, astez aste, hilabetez hilabete, torturatu eta isolamenduan eduki ondoren, medikua izateagatik bakarrik, haurrei gaixotasunak, zauriak eta anputazioak tratatzeagatik bakarrik. Bera bezala, ehunka osasun-langile erasotuak, tirokatuak izaten jarraitzen dute, bai soldadu israeldarrek, bai kolonoek".

Duela hilabete batzuk, Israelek ez du porlanezko zaku bakarra sartzen uzten, beraz, ezinezkoa da osasun zentroak berreraikitzea eta gaixoak tratatzea, ameskeria hutsa da.