Madrilen jokatu zen World Universal League of Permanent Make Up (WULOP) estatuko kanporaketa irailaren 18tik 20ra. Ile mikropigmentazioan adituak diren hamalau parte hartzaile neurtu ziren proban eta lehen postua Xabier Gorriz altsasuarrak eskuratu zuen. Garaipenak Turkian jokatuko den munduko finalean parte hartzeko txartela eman dio Gorrizi. Finala Antalyan jokatuko da lastailaren 20an. Altsasuarrak 50 aurkari baino gehiago izanen ditu.
Bestalde, Valentzian jokatu zen The Beauty Experts lehiaketan bi bigarren postu lortu zituen Master Latex eta Master benetako modeloa mailetan.
Gorrizek 40 urte urte ditu. Erremontista profesionala izan zen bost urtez eta, belauneko lesio baten ondoren utzi zuen arte. Mantentze industrialeko elektrikari lanetan aritu zen ondoren. Marrazketarekiko zaletasunak tatuajean trebatzera eraman zuen. Zuri-beltzeko errealismoan espezializatu zen bederatzi urte baino gehiagotan. Ile mikropigmentazioaren berri 2024an izan zuen. Hartan trebatu zen eta orain Altsasu eta Iruñeko zentroetan egiten du lan. 250 pertsona baino gehiagorekin lan egin du eta beste profesional batzuen prestakuntzan ere aritzen da.