Astekaria

Etxebizitza kooperatiba bat eratzea sustatzen ari dira Altsasun

Guaixe

Ezkerreko eraikina egina dago, orain eskuinekoa jaso nahiko lukete. ARTXIBOA

Babes ofizialeko etxebizitzak egiteko helburuz eratuko da. Kooperatiba eredua jabetzaren eta alokairuaren artean dago eta etxebizitzaren prezioa eskuragarriagoa izatea dakar.

Nasuvinsa enpresa publikoak babes ofizialeko 21 etxebizitza egin zituen Ualdera eta Amandrea kaleen arteko partzelan. Horiek zozketa bidez banatu ziren irailaren 22an. Eraikin berri horren iparraldean Altsasuko Udalarena den partzela bat dago. Han ere etxebizitzak eraikitzea aurreikusi du udalak. Gehienez ere babes ofizialeko 21 etxebizitza eraiki daitezke. Galtzada eta Amandrea kaleen artean dagoen partzela horren kasuan, Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoa etxebizitza kooperatiba bat eratzea sustatzen ari dira. Bien ordezkariek argudiatu dutenez, "etxebizitza kolaboratiboa jabetzaren eta alokairuaren artean dago, bizitegi egonkortasuna, arrazoizko prezioak eta komunitateko bizitza eskaintzeko pentsatua dago". Egitasmoaren berri emateko udalak eta enpresak bilera deitu zuten irailaren 16an, eta beste bat deituko dute aurki. Egitasmoan interesa duten herritarrek udalaren webgunean dagoen galdetegia (labur.eus/kw48ht9j) erantzun dezakete. Ondoren udala eta Nasuvinsa berarekin harremanetan jarriko dira.  

Etxebizitza kooperatibako bazkideek 75 urterako pisuaren azalera eskubidea izanen dute, epea berritu daiteke. Udaleko eta enpresako ordezkariek argitu dutenez, "bazkideek erabilera eskubide baten bidez etxebizitzara sarbidea dute, ez erosketa edo alokairu tradizionalaren bidez. Etxebizitza batean bizitzeko eta espazio komunak erabiltzeko eskubidea ematen duen kooperatiba baten akzioen jabe dira. Baina ez dira etxebizitza baten jabe indibidualak". Gaineratu dutenez, "eredu horrek espekulazioa saihesten du, eta bizitzeko pentsatutako epe luzeko etxebizitza eskuragarriak bermatzen ditu, ez inbertitzeko pentsatutakoak". 

Argitu dutenez, eredu horren bidez jasotako etxebizitzek inbertsioaren %40 inguru murriztea dakar. Batetik, udalak lurzorua uzten duelako. Eta, bestetik, etxebizitzaren gehieneko balioaren %25erainoko dirulaguntza eman dezake gobernuak. "Ondorioz, hipoteka ordaintzeko hileko kuota asko murriztuko da", azaldu dute sustatzaileek. Bazkideen hasierako ekarpena etxebizitzaren gehienezko balioaren %10 eta %20 artekoa izanen da. 

Xehetasunak
Etxebizitzez aparte eraikinak espazio komunak izan ditzake, esaterako: baratzea, lorategia, sukalde komunitarioa, fisioterapia espazioa, haurrendako guneak, coworking-gunea, garbitegi eremua… Komunitate bakoitzak erabakitzen du nola diseinatu nahi dituen bere espazioak eta nola antolatu bere egunerokoa bertan bizitzean. Ondorioz, "etxebizitza kolaboratiboak bizimodu parte hartzaileago eta hurbilago baten alde egiten du". Kooperatibako bazkideek zerbitzuak eta jarduerak elkarlanean antolatuko lituzkete. 

Etxebizitza kooperatiba bateko bazkidea izateko, aurretik ez da etxebizitzarik jabetzan izan behar. Bestetik, Nafarroako udalerriren batean erroldaturik egon behar da. Gainera, urtean gutxienez 19.000 euroko dirusarrerak izan behar ditu interesa duen pertsonak. Kooperatibako bazkide izateko aukera dute ere bikoteek edo sei kide arteko bizitza unitateak ere. Kasu horietan gutxieneko eta gehienezko errenta kopuruak zehaztu dituzte bazkide izateko. 

Kooperatibako bazkideek etxebizitzaren erabilera eskubidea izanen dute. Eskubide hori legez aitortuta dago, eta Jabetza Erregistroan inskriba daiteke. Bazkideek etxebizitza eta espazio komunak osorik erabiltzeko eta gozatzeko aukera izanen dute. 75 urterako da. Baina hura bukatzean beste horrenbeste urterako eman daiteke berri. "Horrek segurtasuna eta egonkortasuna ematen ditu", azaldu dute. 

Halako etxebizitza bat eskuratzea kutxa edo bankuen bidez finantza daiteke (hipoteka). Gainera, etxebizitza saltzeko aukera izanen du bazkideek, beti ere, kooperatibak izendatzen dituen pertsonei. Azkenik, herentzian uzteko aukera dago ere, azalera eskubidetik geratzen diren urteen eta babes ofizialeko etxebizitzen baldintzen arabera. 

Etxebizitza kooperatiba eratzen denetik giltzak jaso arte, Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsaren bitartez, kooperatibei laguntzen die proiektuari buruzko aholkularitza orokorra emanez eta administrazio-eskakizunekin bat etortzen dela ziurtatuz, kutxa edo bankuekin finantzaketaren negoziazioa erraztuz eta, etxebizitzaren finantzaketa lortzeko abal pertsonalik ez dute eskatu beharko bazkideek. Babes hori Navarra Vivienda Social (Navisokoop) hitzarmenaren bidez egituratzen da.