EH Bilduk etxebizitzari buruzko osoko bilkura monografikoa egitea eskatu du

Guaixe

Altsasuko EH Bilduko zinegotziak. ARTXIBOA

Azaroaren 7an, asteazkena, etxebizitzaren inguruko Nafarroako eta Altsasurako proposamenak azaltzeko hitzaldia antolatu du, Iortia kultur gunean. 

Herrian dagoen "etxebizitzaren arazo larriaren aurrean", Altsasuko EH Bilduk, "politika publikoak bulkatzeko ezohiko osoko bilkura bat egitea" proposatu du. Koalizioaren arabera, bilkura hori baliagarria izanen da Altsasuko "etxebizitza politika publikoko neurriak eztabaidatu eta onartzeko". Eztabaida urriaren 13an edo 14an izanen da, 19:00etan. Bestetik, Nafarroa eta Altsasurako etxebizitza proposamenak aurkezteko hitzaldia antolatu du EH Bilduk. Mikel Zabaleta Nafarroako parlamentaria eta Amaia Abudice eta Juanjo Goikoetxea zinegotziak izanen dira hitza hartuko dutenak. Hitzaldia Iortia kultur gunean izanen da urriaren 7an, asteazkena, 18:00etan. 

EH Bilduko udal taldearen iritziz, "etxebizitza eskubidea merkatutik eta espekulaziotik kanpo utzi behar da, oinarrizko eskubideekin negozioa egitea ahalbidetu eta babesten baitute. Ezinbestekoa da espekulazioaren eskuetatik kentzea eta pertsonen zerbitzura jartzea. Horretarako bide bat dago: politika publikoak, batez ere alokairuko etxebizitza politikak. EH Bilduko kideen iriztziz, "hori egiten ez den bitartean, ikusten jarraituko dugu nola pertsona askorendako ezinezkoa den emantzipatzea edo bizitza duina izatea, edo Altsasutik kanpora joaten diren bizitzera, hemen aukerarik ez dutelako". Nabarmendu dutenez, "ez da azkarra izango, ez da erraza izango, baina merezi du borrokatzea etxebizitza duina izateko eskubideak bidea egin dezan, baita Altsasun ere".

Proposamena
Jakinarazi dutenez, EH Bildu "hilabeteak daramatza egoera horri aurre egiteko lehentasunak eta neurriak aztertzen eta proposatzen. Neurri horiek ekintza plan baten proposamen bihurtu ditugu: hamabi ardatz ditu, Altsasurako 34 neurri biltzen ditu". Proposamen hori ontzeko EH Bilduko kideek Nasuvinsaren eta Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuaren proiektu eta planak aztertu eta kontuan hartu ditu, "administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa errazteko eta proposatutako jarduerak praktikan jartzen laguntzeko". 

Azaldu dutenez, "Otadian alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko egungo hitzarmenaren baldintzei eustea defendatzen dugu, baita ekimen berriei ateak zabaltzea ere, esaterako etxebizitza kooperatibei laguntza ematea".