Frontoiko tabernaren kudeaketa emateko deialdia

Guaixe

Burunda frontoiko taberna. ARTXIBOA

Urte baterako kontratua gehienez bostera luza daiteke. 

Atabo Altsasu SM enpresak Altsasuko Udalaren kirol azpiegiturak kudeatzen ditu. Eta enpresak Burunda frontoiko taberna kudeatzea eta pilotalekuaren mantentzea eta garbitzea emateko deialdia egin du. Deialdian interesa duenak bere eskaintza azaroaren 2ko 23:59ra arte aurkez dezake. Kontratua urtebetekoa da, eta beste lau urtez luza dezake automatikoki, gehienez ere bost urteko iraupenarekin. Lizitazioaren balioa 10.400 eurokoa da (BEZik gabe). Luzapenekin 52.000 euro lirateke. 

Tabernaren kudeaketa hartzen duenak arrisku eta menturaren arabera aritu beharko du, eta horren ordainetan ez du kanonik ordaindu beharko, eta bere gain hartuko du pilotalekuko kirol-instalazioa mantentzeko eta garbitzeko betebeharra. Deialdiari buruzko informazioa Altsasu.eus webgunean dago.