Txirrindularitza

Iker Mintegik Euskaltelendako puntu gozoak bildu ditu Aljerian

Guaixe

Iker Mintegi eta Danny van der Tuuk, Aljeriako Grand Prix El Djazaïr lasterketako lehen etapako podiumean. EUSKALTEL EUSKADI

Grand Prix El Djazaïr lasterketako lehen etapan Euskaltel Euskadiko Danny van der Tuuk gailendu zen eta Iker Mintegi bigarren sailkatu zen.

UCIko Rankingerako puntuen bila ari da Jorge Azanza altsasuarrak gidatzen duen Euskaltel Euskadi. Horrela, Aljerian dago egunotan talde laranjako talde bat, eta esperimentua ongi ateratzen ari da. Izan ere, Danny van der Tuuk txirrindulariak Grand Prix El Djazaïr lasterketako lehen etapa irabazi zuen urriaren 5ean, talde laranjarendako denboraldiko laugarren garaipena, eta Iker Mintegi altsasuarra bigarren izan zen. Biak Pablo Urtasun zuzendariaren gidaritzapean aritu ziren. 

Grand Prix El Djazaïr lasterketako urriaren 6ko bigarren etapak lau mendate puntuagarri ditu, eta hirugarrena eta azkena urriaren 7an jokatuko da, zirkuitu batean. Van der Tuuk eta Mintegirekin batera, Yago Agirre, Nico Alustiza, Paul Hennequin eta Jonathan Lastra ari dira lehian. 

Bestalde, Euskaltel Euskadiko beste talde bat (Xabier Isasa, Gotzon Martin, Hodei Muñoz, Louis Sutton eta Gari Ugarte) Binche-Chimahy-Binche lasterketan ariko da urriaren 6an, Belgikan, Jorge Azanzaren gidaritzapean. 

Denboraldiko azken txanpan UCIren sailkapenerako puntuak biltzen ari da talde laranja. Helburua UCIren sailkapeneko lehen 30 taldeen artean egotea da, itzuli handietan lehiatu ahal izateko, eta dena ematen ari dira. Gaur Euskaltel 31. postuan dago sailkapenean (2415 puntu) eta 30. postuan Bardiani CSF 7 Saber talde italiarra dago (2582 puntu). Lehia latza, beraz. 

Datorren urtean Mikel Landa taldeko txirrindularia izango da, eta Euskaltel Euskadirendako garrantzitsua litzateke hura itzuli handi batean aritzea.