Pentsiodunen mugimenduak zaintza zerbitzuen norabidea aldatzea nahi du

Guaixe

Aita Barandiaran egoitzaren parean talka planeko neurrien berri eman zuten.

Zaintza publikoa, komunitarioa, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatu zuten.

Adinekoen Nazioarteko Eguna izan zen lastailaren 1ean. Hori dela eta, Sakanako pentsiodunen mugimenduak zaintzaren gaian azpimarra egitea erabaki zuen lastailaren 5ean. Horregatik manifestazioa egin zuten. "Zaintza sistemak zaintzen ote gaituen" zalantzak agertu zituzten. Nafarroako zaintza sisteman "egiturazko gabezia larriak" ikusten dituztela azaldu zuten: "zaintzarako eskubide subjektiboa baldintzatuta onartzea, zerbitzuak masiboki pribatizatzea, inbertsio publiko gutxiegi egitea (gehienak hitzarmen pribatuetara bideratuta) eta komunitate sustraitzea galtzea". 

Egungo zaintza arloko egoera "zalantzarik gabe hobetu" daitekeela adierazi zuten eta horretarako "larrialdi neurriak" hartzea eskatu zuten pentsiodunen mugimenduko kideek. "Zaintza zerbitzuak eta prestazioak bermatzeko talka plan batean" jaso zituzten ezinbestekotzat jotako neurriak. Lehen neurria da "mendekotasuna baloratzeko sistema hobetzea, gehienez ere hiru hilabeteko epean ebazpena ematea". Pentsiodunen mugimenduak eskatzen du "egoitza plazak, eguneko zentroak eta etxez etxeko laguntza zerbitzua bermatzea, benetako eskaeraren arabera". Aldi beran, "kalitatezko arreta bermatuko duten langileen ratioak ezartzea" eskatu dute, "ikuskapen zerbitzuak indartuz". 

Pentsio duinen aldeko mugimendukoek nahi dute "zerbitzuen finantzaketa handitzea, zerbitzuen unibertsaltasuna bermatzeko eta koordinaketaren berrikuspena egitea". Exijitu zuten "pribatizazio bakar bat ere ez egotea, eta dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak lehengoratzea". Horrekin batera, "zerbitzu deszentralizatuak eskatu dituzte, hurbiltasunekoak, publikoak eta komunitarioak lehenestea". Horretaz aparte, nahi lukete "zaintzako langileei lan baldintza duinak bermatzea egoitzetan eta etxeetan". Horri lotuta, "etxeko zaintzak profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikokoa izatea" aldarrikatu zuten. 

Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideen nahia litzateke "Etxeko Laguntza Zerbitzua indartzea eta zabaltzea eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzea zaindutako pertsona bakoitzak gizarte langile bat izan dezan. Eta zainketa zerbitzuetan erabiltzaileen tratu txarrak prebenitzeko eta bukatzeko protokoloa ezartzea ere". Azkenik, "erakundeen arteko koordinazioa eta zerbitzuen garapenean, jarraipenean eta ebaluazioan zainduen, familien eta inplikatutako sektoreen parte hartzea" eskatu zuten. Gobernuari eta udalei "eskaerei premiazko erantzuna" emateko eskatu zuten.