Euskarara hurbiltzeko ikastaroa antolatu dute Altsasun

Guaixe

Altsasuarrak Zumalakarregi plazan. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateak antolatu du ikastaroa, eta guztira 50 orduko iraupena izanen du. Klaseak astelehen eta ostiraletan ematea aurreikusi dute. Izena emateko bost euro ordaindu behar dira.

AEKren Itsasi euskaltegian, Altsasun, euskara bat ere ezagutzen ez duten pertsonei zuzendutako ikastaroa izanen da. Euskarara hurbiltzeko ikastaro hori lastailaren 23an hasiko da eta otsailaren 23ra arte iraunen du. Euskara klaseak astelehen eta ostiraletan, 09:30etik 11:30era, ematea aurreikusi dute. Baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, data horiek moldatzeko aukera izanen da. Ikastaroak, guztira, 50 orduko iraupena du. Hartan izena eman nahi duenak bost euro ordaindu beharko ditu. Eta gutxienez klaseen %80ra joaten direnei matrikulako dirua bueltatu eginen diete.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Euskara zerbitzuak antolatu dute ikastaroa. Antolakuntza lanetan AEKren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan dute Mank-eko bi zerbitzuek. Izena eman nahi duenak 699 719 119 edo 948 464 840 telefono zenbakietara hots egin dezake. Edo, bestela, bitartekaria@sakana-mank.eus edo euskara2@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbideetara idatz dezake. Izena emateko epea hilaren 20an despedituko da. Antolatzaileek altsasuarrei eskatu diete ikastaroan interesa izan dezaketen herkideei haren berri emateko.