UCIko Rankingeko 30. postuan egon nahi du Euskaltel Euskadik, itzuli handietan lehiatu ahal izateko. 31. postuan zegoenez, denboraldi bukaeran handik eta hemendik puntuak lortzen ari da talde laranja, eta Aljeriara eta Belgikara joateko estrategiak fruitu onak eman ditu.
Pablo Urtasunek zuzendutako taldeak – Iker Mintegi, Danny Van der Tuuk, Yago Agirre, Nico Alustiza, Paul Hennequin eta Jonathan Lastra– hiru etapako Grand Prix El Djazaïr lasterketan parte hartu dute, Aljerian. Bertan Van der Tuukek eta Hennequinek lortutako garaipenei esker eta Iker Mintegik sailkapen orokorra irabazteari esker talde laranjak puntu gozoak lortu ditu, 92 puntu guztira, eta urriaren 9an jokatuko den Classique La Capitale klasikoa dute aurretik Aljerian. Bestalde, Jorge Azanza Belgikan gidatzen ari den taldea –Xabier Berasategi, Xabier Isasa, Louis Sutton, Gotzon Mrtin, Hodei Muñoz eta Gari Ugarte– ederki aritu da eta zenbait puntu lortu ditu. Aipatu taldeak, Suttonek izan ezik, Hong Kong-eko bidea hartuko du Hong Kong Cyclothon lasterketan aritzeko.
Horrela, momentu honetan UCIko Rankingean 30. postura igo da Euskatel-Euskadi, eta gaur egun 1697 puntu ditu. Beraz, bide horretan segitu nahi du Jorge Azanzak gidatzen duen taldeak.
Mintegiren poza
Aljerian lortutako garaipenekin, aurten sei garaipen lortu ditu talde laranjak. Iker Mintegik profesional mailan bere lehen garaipen sendoa lortu du Grand Prix El Djazaïr irabaziz. "Oso pozik nago garaipenarekin, bereziki talde osoagatik. Lehen etapan Dannyrekin irabazi ahal izan genuen eta ni bigarren izan nintzen, eta horri esker denbora irabazi genuen sailkapen nagusiari begira. Gaur garaipena lortu dugu berriro Paulekin, nire lehen postuari eusten, Dannyren bigarrena, baita Alustiza eta Lastrarenak ere lehenengo hamarretan. Taldekide guztien eta talde osoaren lana izugarria izan da itzuli honetan. Oso pozik gaude Aljeriako bira honekin. Orain proba bat geratzen zaigu hemen eta saiatzen jarraituko dugu".
Jorge Azanza, Euskaltel Euskadi taldeko kirol arduraduna taldeaz harro dago. “Ezin da harroago egon txirrindulari hauekin, azken unera arte dena ematen, eta aparteko maila eskaini dute. Emaitza hauek merezi dituzte. Orain bolada onean jarraitu behar dugu azken lasterketara arte".