Bakea kalea itxuraldatuko da

Guaixe

Zumalakarregi plaza eta Idertzegain kalearen arteko zatia berrituko da. 

Altsasuko Udalak Bakea kaleko berrurbanizazio lanak emateko deialdia egin du. Lanek 458.944,90 euroko (BEZik gabe) kostua dute. Obra egin nahi duenak bere eskaintza lastailaren 23ko 23:59rako aurkeztu beharko du. Kontratua eskuratzen duen enpresak sei hilabete izanen ditu obrak despeditzeko. 

Zehazki honako lanak eginen dituzte:  ur-hornidurako sarea berritzea, dagozkion hartuneak eta elementu osagarriak jarriz; ur beltzen saneamendu-sarea berritzea, kolektoreak, erregistro-putzuak eta hartuneak eginez; euri-uren saneamendu-sarea berritzea; argiteria publikoko sareari dagozkion kanalizazioak egitea; energia elektrikoa hornitzeko kanalizazioak gauzatzea; telekomunikazioetarako kanalizazioak gauzatzea; gainazaleko zoladura eta urbanizazioa berritzea eta egokitzea eta obrek ukitutako gainerako zerbitzuak egokitu, babestu edo berrezartzea. Guztira 1.928 metro karratuko azalera berrituko da.