Altsasuko Udalak herriaren etxea eraberritzeko lanen bigarren faseko lanak eman nahi ditu. Obrak 426.648,50 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Obra finantzatzeko udalak bi laguntza ditu: Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetatik zuzenean jasotako 230.000 euroko dirulaguntza eta Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planeko 180.000 euro. Lanak eskuratzeko eskaintza egin nahi duenak lastailaren 23ko 23:59ra arteko epea du. Kontratua bereganatzen duen enpresak lanak despeditzeko bost hilabete izanen ditu.
Udaletxearen atzeko aldean gaur egun 36 metro karratuko eraikin bat dago. Hura bota eginen dute. Udalaren iparraldean dagoen etxartearen bukaeran beste eraikin bat dago, beheko solairua eta lehen solairua duena. Eraikin hori hirigintza ordenaziotik kanpo dago Domingo Lunbiern hirigintza plan berezia egin zenetik eta bota eginen dute. Eraisketa lan horien ondoren udaltxeari atxikitako L itxurako eraikin berria jasoko dute. Han udal artxiboaz aparte, Udaltzaingoaren aldagelak, armairua eta areto txiki bat egonen dira. Gainera, klimatizazioaren kanpoko tresneria ere hartuko du. Udaletxearen eta L itxurako eraikin berriarekin barne patio moduko bat sortuko da.
Eraikin berria behe solairua besterik ez du izanen, 170 metroko azalera eta 4 metroko altuera izanen du. Udaletxearen jarraipena izanen den zatia artxiborako bideratuta egonen da. Eta kultur guneari paraleloa den eraikin zatia Udaltzaingoren eremua izanen da. Bakoitzak bere atea izanen du. Teilatu laua izanen du eraikinak. Gainean kaskailua izanen du.