Txirrindularitza

Iker Mintegi, Aljeriatik Italiara

Guaixe

Iker Mintegi taldekideekin, irailean Italian. EUSKALTEL EUSKADI

Aljeriako Grand Prix El Djazaïr irabazi eta Classique La Capitalen zazpigarren izan eta gero, Italiako bidea hartu du altsasuarrak, Ventoko Giroan eta Venetoko Klasikoan parte hartzeko.

Euskaltel Euskadi taldeak UCIko Rankingean 30. postuari eusteko puntuen ehizan segitzen du. Pablo Urtasunen esanetara Aljerian aritzetik itzuli berri da taldea, urriaren 9an jokatutako Classique La Capitalen primerako itxura eman eta gero. Danny van der Tuuk-ek (Euskaltel Euskadi) eta Jonah Kellyk (Tarteletto) garaipenagatik lehia estua izan zuten eta, azkenean van der Tuuk bigarren izan zen. Jonathan Lastra seigarren sailkatu zen, eta Iker Mintegi altsasuarra zazpigarren. Beraz, aurreko astean Aljeriako Grand Prix El Djazaïr proban lortutako puntuei beste zenbait puntu gehitu dizkie talde laranjak. 

Izan ere, Aljeriako kanpaina ezin hobea izan da Euskaltel Euskadirendako. Hiru garaipen lortu ditu taldeak, Danny van der Tuuk eta Paul Henneqinek lortutako etapa garaipenak, eta Iker Mintegik lortutako sailkapen nagusia. Eta Top10-eko beste zenbait postu. 

Baina atseden gutxi hartzeko aukera izango dute txirrindulariek, Italiako bidea hartuko baitute, urriaren 14an Venetoko Giroan eta urriaren 18an Veneto Klasikoan aritzeko. Tartean dago Iker Mintegi. 

Jorge Azanzak zuzenduta, beste multzo bat (Xabier Berasategi, Xabier Isasa, Gotzon Martin, Hodei Muñoz eta Gari Ugarte), Hong Kongen dago lehian. 

UCIko Rankinga
Momentu honetan Euskaltel Euskadi UCIko Rankingeko 29. postura igo da (2698 puntu). Talde laranjak lehen 30 postuen artean egon nahi du, horrela itzuli handietan lehiatu ahal izateko gonbidapenak jasotzeko aukera izango bailuke.