Hauteskunde orokorrak 2026

Bel Pozueta ez da EH Bilduren Kongresurako zerrendaburua izanen

Guaixe

Bel Pozueta Fernandez Kongresuan hizlari. EH_BILDU

Altsasuarrak sei urteren ondoren politika instituzionala utziko du. 

Sare sozialen bidez zabaldutako mezu baten bidez, Bel Pozueta Fernandezek jakinarazi du ez dela EH Bilduren zerrendaburua izanen. Altsasuarrak adierazi duenez, "proiektu komun honen barruan niretako pauso garrantzitsu bat emateko unera heldu da, defendatzen dugun Nafarroa horren interesak Madrilen berretsiko dituen pertsona bati lekukoa ematea". Pozuetan jakinarazi duenez, "erantzukizun politikoak bizi energia eta konpromisoa eskatzen ditu, eta aitortzen dut nire osasunak beharrezko energia murriztu duela, ez ordea proiektura lotzen nauen konpromisoa". Ziurtatu duenez, "politika instituzionaletik erretiratzen naiz gure komunitateko beste esparru batzuetan lan egitera, edozein borroka politikoren inurri lanaren beharretik abiatuta". 

Estreinakoz 2019ko apirileko hauteskundeetan izan zen zerrendaburu eta boto gutxi batzuengatik ez zuen lortu hautatua izatea. Urte hartako azaroan egindako hauteskundeetan nahikoa babes eskuratu zituen Kongresura joateko. Pozuetak azaldu dunez, sei urteotan "une polit eta ez hain atseginak, gutxienak", izan ditu. Azaldu duenez, "harro nago azken urte hauetako Estatuko politikaren une garrantzitsuenetan parte hartu izanaz, EH Bilduk bere arrastoa utzi baitu, erantzukizunagatik eta Hego Euskal Herriko herritarren eta, ondorioz, Nafarroako herritarren, bizitza atseginagoa eta duinagoa egiteko helburuarekin". Agur mezuan, Pozuetak lankideei eta EH Bilduren komunitate osoari haien "konfiantza eta lana nirekin partekatu izana eskertzen dut. Baita urte hauetan ni babesten eta hurbiltasunean maitasuna erakusten" aritu direnei ere eskerrak eman dizkie.