Astekaria

"Berrikuntzak egiten ari gara eta jendea gustu handiz hartzen ari da"

Alfredo Alvaro Igoa

Rafael Arteta Ballarin, Oumaima Ogdi eta Aisha Mogan sukaldariak pintxoen parean.

Nafarroako Ostalaritza Sarietan sei maila zeuden eta Pintxo Taberna Onenaren saria Altsasuko Arkangoa tabernak jaso zuen lastailaren 13an. Rafa Arteta tabernako nagusia eta sukaldarietako bat da. 

Sariketa Nafarroako ostalaritzaren kalitate, nortasuna, berrikuntzarako gaitasuna, tokiko produktuaren aldeko apustua eta gizarteari egiten dioten ekarpenagatik nabarmentzen diren establezimenduei aitortza egin nahi zien. Rafael Arteta Ballarin, Oumaima Ogdi eta Aisha Mogan sukaldean lanean aritzen direnak, sarituak izan direnak.

Saria ez da pintxo bategatik, baizik eta duzuen eskaintza guztiagatik.
Hori da, dugun pintxo eskaintza da saritu dutena. Hasi sasoiko produktuarekin, segi barazkiekin, mikologia, arraina, haragia... Beti lantzen dugun askotariko eskaintza, garaian garaikoak egitea uzten diguna.

Sasoiko produktuak. Beraz, pintxo eskaintzan aldaketa dago?
Hala da. Orain, esaterako, potimarroi eta Gernika kuiak, kuiatxoak, zerba. Oraindik bada piperminik. Eta mikologian, onddoa. Eguraldiagatik bere irteera atzeratu da, baina dagoeneko lantzen ari gara. Niskaloak eta zizahoriak ere.

Zuen berezitasuna da, baina orain arte mikologia lantzea zaila izanen zen, ez? 
Bai. Gure geografiako hainbat azoketara bilatzera joan behar izan dugu. Basoan eta mendian orain arte ezer ez. Orain badirudi mugitzen hasi dela, baina gutxi hartu dugu.

Herritarren botoekin aukeratuta izan zarete.
Horrela izan da, bai. Lehenik, epaimahai bat pasa zen, bere burua agertu gabe, anonimoki. Hautaketa bat egin zuten, baheketa ondoren, hortik atera ginen lau finalistak: Iruñeko Motasterio taberna, Baserriberri eta Moka Gastrobarra eta gu.

Zer baloratu zuten zuek finalista izendatzeko?
Gure proiektua gustatu zitzaien. Baita gure lan egiteko filosofia, aniztasuna eta urteetan zehar egiten ari garen eguneroko lana ere.

Barran hutsik egin ezin dezaketen pintxorik bada?
Zalantzarik gabe ezinbesteko pintxoak dira arrautza eta langostino egosia eta egiten ditugun hainbat kroketa mota. Klasikoak dira. Atuna mahonesarekin ere asko eskatzen da. Baita piper eta haragi bolak ere.

Pintxoen artean berrikuntzarik bada? 
Berrikuntzak egiten ari gara eta jendeak gustu handiz hartzen ditu. Zerbait berria aurkezten dugun bakoitzean askotan probatzen dute. Ondoren ikusten duzu jendearen gustukoa den edo ez. Gustatuz gero, pintxo eskaintzan sartzen dugu.

Zer prozesu dago barran ikusten dugun pintxo berri horren atzean?
Egia esan, eta gezurra badirudi ere, gauzak ustekabean sortzen doaz. Ideiak bururatzen doazkigu eta gure artean aipatzen ditugu. Eta forma ematen goaz. Eta sukaldetik barrarako bidea hartzen dute.

Sariak berarekin dakar itzala, bezero gehiago, lan eta ardura gehiago.
Jakina. Halakoren bat egiten dugun bakoitzean ongi kalkulatzen dugu. Zeren badakigu ondoren egunero lantzeko ardura dugula. Gure eguneroko lanaren balioa erakutsi behar dugu. Eta, noski, gure jendeari ezin diogu hutsik egin, altsasuarrei eta sakandarrei. 

Sariak pizgarri dira?
Poz handia izan da saria. Aparteko motibazioa ematen dizu. Azken urteetan aitortza asko izaten ari gara. Egia esan, gure proiektuarendako bulkada handia dira sariak. Izugarri pozik gaude.