Itaiak deituta, indarkeria matxista orori aurre egin leloa zuen kontzentrazioa egin zen Altsasuko Foru plazan atzo, lastailak 18. Bortxatua izan zela salatu ondoren, 19 urteko neska batek bere buruaz beste egin zuen Angelun irailean. Itaiako kideek adierazi zutenez, "azken erailketak agerian uzten du indarkeria matxistak emakumezkoen bizitzetan dituen ondorio larriak, zaurgarritasun egoera sakonenean uzten baititu".
Horregatik, Itaiako kideek indarkeria jasan duten emakumezkoak babestearen garrantzia azpimarratu zuten: "behin eta berriz errepikatzen dugu zeinen garrantzitsua den indarkeria matxista jasan duten emakumeak defendatzea eta haiek babesteko baldintza errealak bermatzea". Bide horretan lanean jarraitzeko prestutasuna agertu zuten Itaiako kideek, "emakumezkoek haien bizitzekin aurrera egin dezaten, beharrezkoak dituzten babes neurrien eta kalitatezko bizi baldintzen alde borrokan". Aldi berean, erasotzaileen inpunitateari aurre egitera deitu zuten: "inoiz baino beharrezkoagoa da matxismoaren kontrako jarrera kalean zabaltzea eta mobilizatzea".