Kostatu da, baina lortu da. Miraria lortu du Jorge Azanza altsasuarrak gidatzen duen Euskaltel Euskadi taldeak. UCI Rankingeko lehen 30. postuen artean sailkatu da, 29. postuan zehazki (2912 puntu) azken unera arte egindako inurri lanari esker. Munduko bi puntetan bi talde aritu dira lanean azken uneraino –Panaman, Jorge Azanzak gidatutakoa, Italian, Pablo Urtasunek gidatutakoa, eta Frantziako taldea, eta lasterketa itzelak eginda, nahikoa puntu lortu dituzte UCI Rankingeko 29. postuan sailkatzeko. Horrek eskubidea ematen die 2027an hiru Itzuli Handietara (Giroa, Tourra eta Vuelta) gonbidatuak izateko. Azken asteetan lau kontinentetan lehiatuta, talde laranjak hainbat talde aurreratu ditu eta erronka burutu du.
Panaman, Euskaltel Euskadiko Gotzon Martinezek irabazi zuen urriaren 18an Chiriqui probintziako Klasikoa, lehen etapako garaipena irabazi eta bukaeraraino lidergoa eutsi eta gero. Grand Prix Chiriquin Berasategi gailendu zen, eta gainontzeko postuetako puntuak batuta, puntu gozoak lortu zituen Euskaltelek. Mikel Landa Panamara bertaratu zen datorren urtean taldekide izango dituenak animatzera.
Italian, Iker Mintegi Euskaltel Euskadiko onena izan zen urriaren 18an Veneto Classic proban. Altsasuarra 36. sailkatu zen, eta Mikel Bizkarra taldekideak agur esan zion txirrindularitzari.
Azkenik, Frantzian, urriaren 18an jokatutako Nazioen Erlojupekoan, Txomin Juaritsti 11. sailkatu zen, Axel van der Tuuk 13. eta Danny van der Tuuk 19.
Ezin pozikago
Euskaltel Euskadik denboraldi bukaera ikaragarrian lortutakoarekin pozarren dago Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna. “Top 30ean leku bat ziurtatzeak egitura osoak urtean zehar egindako lan itzela berresten du, bereziki denboraldi amaierako tarte honetan; guztien ahalegina sekulakoa izan da. Beraz, denek lortutako saria da. Itzuli Handi baterako gonbidapena jasotzeko aukera izatea da garrantzitsuena ProTeam mailako talde batentzat, eta espero dugu gauzatzea. Talde osoa zoriontzea besterik ezin dut egin".
2026 denboraldia bederatzi garaipenekin itxi du talde laranjak: Ontur Sari Nagusia (Axel van der Tuuk), Dookola Mazowszako etapa bat (Paul Hennequin), Portugalgo Itzuliko etapa bat (Xabier Isasa), Aljeriako Grand Prix El Djazaïr itzulian bi etapa (Danny van der Tuuk eta Paul Hennequin) eta sailkapen nagusia (Iker Mintegi), Gran Prix Chiriqui (Xabier Berasategi) eta Clasica Provincia de Chiriqui itzuliaren etapa bat (Gotzon Martin) eta sailkapen nagusia (Gotzon Martin).