Mugimendu feministak Angeluko emakumearen heriotza salatu du

Guaixe

Mugimendu feministaren bilkura. 

Bortxatua izan ondoren salaketa aurkeztu zuen eta egunetara bere buruaz beste egin zuen. "Ez dugu Angeluko heriotza indarkeria matxistaren testuingurutik kanpo ulertu nahi".

Altsasuko mugimendu feministak deituta, udaletxe parean kontzentrazioa egin zen atzo arratsaldean, lastailak 19. Bilkura horren bidez Angeluko 19 urteko emakumezkoaren heriotza salatu zuten. Emakumeak bortxaketa bat salatu zuen bere buruaz beste egin baino egun batzuk lehenago. Elkarretaratzearen akaberan "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" eskatu zituzten. Altsasuko mugimendu feministako kideek azoimarratu zutenez, "gertatutakoa aztertzeko eta emakumeon* bizitzetan indarkeria matxistak duen eragina erdigunean jartzeko beharra azpimarratzen dugu".

Nabarmendu zutenez, indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari ditu, eta emakumezkoen bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak erdigunean jarri behar direla esan dute indarkeriaren errealitatea ulertu eta hari aurre egiteko. "Ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili". Hedabideei exijitu zieten erantzukizunez jokatzeko, "indarkeria matxistaren larritasuna" erdigunean jartzeko eta arrazakeria ez normalizatzeko.

Erakundeei ere erantzukizuna eskatu zieten, haien ardura delako indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzea: "Emakumezko gazteak salatutako sexu indarkeriaren aurrean zer arreta eta babes eskaini zitzaizkion argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko baliabideak bermatzea eskatzen dugu. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea". Gainera, gizonezkoei erantzukizuna hartzeko eskatu zieten, indarkeria matxista "egiturazko arazoa" delako, eta "gizarte osoari dagokiolako aurre egitea". 

INDARKERIA EGOERAN BAZAUDE
Jar zaitez ibarreko berdintasun zerbitzuekin harremanetan eskualdeko baliabideei buruzko informazioa jasotzeko. 
Sakanakoa: 660 384 328 edo berdintasuna@sakana-mank.eus 
Altsasukoa: 628 328 593 edo berdintasuna@altsasu.net

LARRIALDI EGOERAN BAZAUDE
112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.

Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa
Doako arreta espezializatua ematen die sexu-indarkeriaren biktima izan diren edo bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei, indarkeria hori gaur egungoa zein iraganekoa izan. IRUÑEAN EMATEN DUTE ARRETA urteko egun guztietan: 848 463 999 telefono zenbakian, 621 690 351 Whatsappa edo caivs@fundaciongizain.es