Saria eman dien kazolatxoa Aquellos callos, estos morros izena du, Castillo de Monjardin Deyo 2021 ardoarekin lagunduta zerbitzatu zutena. Nafarroako Entsaladilla Onenaren lehiaketa irabazi zuten 2025ean, aurten finalista izan dira, baita Tortillaren Asteko finalistak ere.
Zertan inspiratu zineten kazolatxo hori prestatzeko?
Lehen egiten zen moduko gisatu bat da, betiko eran egina.
Zein osagai eta egikera ditu?
Txekor sabelkia eta muturra erabiltzen ditugu. Sabelkiri zaborrak eta zapore indartsuenak kentzeko ongi garbitzen dugu eta lehenik ur irekitan sartzen dugu, hamar minutuz han dugu. Ura kendu eta eltze desberdinetan sabelkiak eta muturrak egosten ditugu. Bakoitzak bere egoste puntua du. Sabelkiari beti pixka bat gehiago kostatzen zaio egitea. Hori hozten den bitartean, tipula, piper gorria, tomatea, baratxuri pixka bat, piperrauts eta min pixka bat erregosten ditugu. Zaporea kontzentratuta dagoenean sabelkia eta muturra gehitzen ditugu eta prestatzeaz bukatzen dugu.
Kazolatxorako aldaketarik egin zenuten?
Sabelki eta muturrak zati oso txikitan moztu genituen, jateko atseginagoa baitzen. Zerbitzatzerakoan, sardexka beharrean koilara eman genuen, jendeak erosoago jan zezan.
Nafarroako ardo batekin lagundu behar zenuten. Nola erabaki zenuten zein ardorekin lagundu?
Platera kartan dago, betidanik. Jendeari gustatzen zaio eta nahikotxo ateratzen da. Lehiaketako oinarriak gustatu zitzaizkigun, kartan bagenuen aurkezteko moduko plater bat, ez genuen zertan plater bat sortzen ibili. Eta errezeta ez dugu lehiaketarako aldatu. Eta ardoarekin, gauza bera. Ongi dagoen eta kazolatxo horrekin bat egin zezakeela uste genuen ardo hori genuen.
"Onerako edo txarrerako, epaimahaiak zer baloratu duten jakin nahiko nuke"
Epaimahaiaren iritzia zein izan zen?
Sariak ematen dituzte, baina ez dizute ezer esaten. Niri saria eman zidana epaileetako bat zen, eta esan zidan sabelkiak "ikaragarri onak" zeudela, "behar bezala gisatuta". Halakoak pozten zaituzte. Irabazi edo ez, duda horrekin gelditzen zara: epaileek zer baloratu dute? Nik, onerako edo txarrerako, zer baloratu duten jakin nahiko nuke. Horrek guztiok hobetzea ekarriko luke.
Bezeroek zer esan dizuete?
Irabazten duzunean, zapore hobea du. Egia da plater horren jende oso zaletua dagoela, hiruzpalau mahai ia astero etortzen dira sabelkiak jatera "izugarri onak" daudela diotelako.
Jendea barrukien zale da?
Orokorrean, gazteek ez dute sabelkirik jaten. Publiko jakin bat dute, adin gehiago dutenak dira barruki gehien jaten dutenak. Izugarri gustatzen zaizu, edo bat ere ez. Baina azken aldian nolabaiteko erakarmena du barrukiak. Ospea hartzen ari da. Ez izugarria, hanburgesak bezala.
Lehiaketaz kanpo, kazolatxoa barran eskaini duzue?
Astea pasata, jendea sabelki kazolatxoa eskatzen hasi da. Zer egin pentsatzen ari gara. Ziurrenik, egun jakin batzuetan edo astebururen batean eskainiko dugu. Probatuko dugu. Eskaera dagoen ikusi nahi dugu. Bestela, ferietako gosaritan eskatu zuten. Edo probatu ez zutenek eramateko eskatu zuten.
Saria jasotzea nabaritu duzue?
Bai. Sariok agerikotasuna ematen dizute. Jendeak gogoan hartzen du. Sari guzti horiek ongi datozkigu, zentzu guztietan.
Egindako lanari aitortza ere badira.
Jakina. Egunerokoan egiten duzun lana, zure sukaldaritza ona dela esaten ari dira. Bezeroen balorazioak baditugu: "oso ongi bazkaldu dugu" esaten digutenean. Bezeroen balorazioa oso garrantzitsua da. Lehiaketetan parte hartzea baloratua izateko modua ere bada. Gainera, sarituak izan zirela jakin gabe entsaladilla eta sabelkiak jan izan dutenak, jakitean ere poztu dira: "niri gustatzen zitzaidan". Haiek, nolabait, sariaren parte bat jaso izanaren sentipena dute, haien gustua profesionalenarekin bat egiten duelako.
Bitartean, eguneroko lana. Udazkenera begira, zer?
Urte osoan finkoa den karta dugu. Badaude bospasei plater bere sasoian lantzen ditugunak. Batez ere asteburuko menu itxian sartzen ditugu. Orburuak, hegaluzea, onddoak... Ahal den guztia sasoiko produktu freskoa lantzen dugu, kalitatezkoa. Eta gertuko produktuekin lan egiten dugu.