Euskaltel Euskadik denboraldi bukaera ero eta estresagarria bizi izan du UCIko Rankingean puntuatzen zuten lasterketen azkeneko eguneraino, hau da, urriaren 18raino. Lau talde zeuden Rankingeko lehen 30 postuetan sailkatzeko borroka estuan, eta ordutik ordura aldatzen zen sailkapena. Zorionez, aurten talde laranja UCIko Rankingean 28. sailkatu da, eta horrek 2027 denboraldian hiru itzuli handietan –Giroa, Tourra eta Vuelta–gonbidatuen zerrendan egoteko aukera ematen dio. Mikel Landa fitxatu dutela kontuan izanda, berme handia. Taldeak puntuak lortzeko borrokan Iker Mintegi Claver txirrindulari altsasuarrak garrantzia handia izan du, Aljeriako kanpainan Grand Prix El Djazaïr irabazi izana ezinbestekoa izan delako.
Hirugarren urtea duzu Euskaltel Euskadin profesional. Urriaren 5ean jaso zenuen egindako lanaren uzta, profesional mailako lehen garaipena, Grand Prix El Djazaïr itzuliko sailkapen orokorra, non eta Aljerian.
Denboraldi hasieran ez nuke imajinatu ere egingo Aljerian arituko ginenik, ezta astebete lehenago ere, azken orduko gauza izan zelako. Lasterketa ez zegoen gure egutegian, UCIko Rankingerako puntuen bila joan ginen azken unean Aljeriara. Ezustekoa izan zen.
Ezusteko polita. 2024an debutatu zenuen Euskaltel Euskadirekin. Lehen urtean tropelean zure tokia aurkitzea zenuen helburu, iaz gutxika lehen postuetan muturra sartzea, eta aurten pausoak ematea. Txirrindulari azkarra zara, ihesaldietarako prestu, eta lasterketetan uneren batean beti ikusten zaizu. Nola definituko zenuke zure burua?Galdera ona. Talde lana egiteko arazorik ez dudala esango nuke, eta ondo nagoenean nire aukerak baliatzeko txirrindularia ere banaizela. Azken hau denboraldi bukaera honetan ikusi da, hau da, nire maila onenean nagoenean lasterketetan aurrean egoteko gaitasuna dudala. Urte hasieran, ordea, nire hankak onenean ez zeudenean, ihesaldietan sartu eta taldekideak laguntzeko gai izan nintzen.
Profesional hasi zinenetik zer da gehien ikasi duzuna? Eta zer uste duzu oraindik ikasteko duzula?
Ikasi, egunero ikasten duzu zerbait, lasterketen kokapenean edo egunerokotasunean egin beharreko gauzetan, esaterako; eta oraindik asko izango dut ikasteko. Agian gauzak lasaitasun gehiagorekin egitea, lasterketetara hobeto iristea... halakoak. Beti dago ikasteko zerbait.
"UCIko Rankingak asko baldintzatzen du, izugarri. Puntu horien bila egon gara bukaerara arte"
Euskaltel Euskadi iaz UCIko Rankingean 32. postuan sailkatu zen eta horregatik aurten hiru itzuli handien gonbidapena jaso ezinik egon zarete. UCIko Rankingean lehen 30 postuetan sailkatu nahi horrek goitik behera baldintzatzen al du zuen denboraldia?
Bai. Lehen mailako taldeek, UCI WorldTeam mailakoek, hiru urtean behin berritzen dute UCI Rankinga. Gurea, Euskaltel Euskadi, bigarren mailako edo UCI ProTeam mailako taldea da, eta gure UCI Rankinga urtero berritzen da. Aurreko urtean ez ginen lehen 30 postuetan sartu, baina aurten zerotik hasi gara. Bi mailetan, WorldTeam eta WorldProTeam mailetan, UCI Rankingak asko baldintzatzen du, izugarri. Gure kasuan oso agerikoa izan da, denboraldi bukaeran lehen 30 postu horien lehian egon garen lau taldeak –MBH Bank, Team Picnic, Bardiani eta Euskaltel Euskadi– han eta hemen jokatu diren edozein lasterketa bilatzen egon garelako puntuen bila.

ALJERIA ETA BESTE
Aljeriako estrategia bikain atera zitzaizuen, Grand Prix El Djazaïrren Henneqinek eta van der Tuukek lortutako bi etapa garaipenak eta zuk zeuk irabazitako sailkapen nagusia tarteko. Garaipena lortzeko ziurtasunarekin joan al zineten bertara?
Inoiz ez dago ezer ziurtatuta, baina behin lasterketa batean egonda, beti duzu aukera. Hemen edo Aljerian izan, inoiz ez dago lasterketa errazik. Taldean kalkuluak egin zituzten eta ikusi zuten Aljerian, Belgikan eta Frantzian zeuden lasterketetan gauzak ondo ateraz gero, berriz ere UCIko Rankingeko lehen 30 postuen lehia horretan sartzea bagenuela. Egia da azken hilabete honetan dena oso borobil atera zaigula. Guri, Aljerian, egunero primeran atera zitzaigun. Aldi berean, Frantzian eta Belgikan taldekideek ere oso postu onak lortu zituzten. Aurreko astean Italian ere bai. Eta berriz Rankingeko lehian sartu ginen, jende askorendako ia ezinezkoa zena. Taldeak bere buruan sinistu egin zuen, lasterketa berri horietan lehiatzeko apustua egin zuen eta Rankinga bukatzeko asteburu baten faltan lehenengo 30en artean kokatu zen.
Aljeriatik bueltan egun batez egon zinen etxean, eta segidan Italiako bidea hartu zenuen. Urriaren 21ean hamaikagarren sailkatu zinen Venetoko Giroan.
Egia esan, lasterketa oso ondo atera zitzaidan eta hamaikagarren izan nintzen. Bardianiko txirrindulari bat hamabigarren sailkatu zen, eta Rankingeko puntuen lehia horretan beste 10 puntu gehiago atera genizkien. Azkeneko asteburura sailkapena estu-estu zela iritsi ginen. Lasterketa bat jokatu orduko Rankinga aldatzen zen, eta talde guztiak uneoro sailkapenari begira eman genuen aurreko asteburua. Pablo Urtasunek gidatutako taldean nengoen ni, Italian; beste talde bat Jorge Azanzarekin aritu zen, Panaman; eta gure hiru txirrindulari Frantzian lehiatu ziren, Nazioen Erlojupekoan. Euskaltel Euskadiko talde guztiek ahalegin handia egin genuen bukaerara arte. Sentsazioak onak ziren, azken hilabeteetan aritutako lasterketetan egindako esfortzuari eta emaitza onei esker berriro UCIko Rankingeko lehen 30 postuen borrokan sartu ginelako, inork gutxik espero zuena, eta behetik gora egitean itxaropen handia genuelako. Gure esku zegoen guztia egin genuen, eta, zorionez, gauzak oso ondo atera ziren. Panaman lortutako garaipenei eta Europako beste postuei esker UCIko Rankingeko 28. postuan sailkatu gara; pozarren gaude.
"Gure esku dagoen guztia egin dugu eta, zorionez, UCI Rankingean 28. sailkatzea lortu dugu"
Miraria egin duzue, duela gutxira arte oso gutxik espero zutena.
Duela hiru aste jende askok esango luke Rankingeko lehen 30 postuetan sartzea ezinezkoa genuela. Baina aurreko bizpahiru asteetan lortu genituen emaitza guztiekin, tartean garaipen garrantzitsuak, postuen borrokan sartzea beste aldarte batekin hartu genuen, animo gehiagorekin. Halakoetan konfiantza gehiagorekin eta gogo gehiagorekin aritzen gara.
AZANZA ETA URTASUN
Jorge Azanza Euskaltel Euskadiko kirol arduradunarendako eta Pablo Urtasun zuzendariarendako azken asteak ez ziren errazak izango.
Beraien ardura egun osokoa da, estres etengabe bat. Txirrindulariak gehiago zentratzen gara gure errendimenduan, gure lana ongi egiten, baina beraiek buruko min askoz ere gehiago izaten dituzte. Taldearen inguruan gertatzen den guztia kontrolatu beharra dute, gure errendimendua, bidaiak antolatu, estrategiak eta taktika prestatu, gainontzeko taldeek lortzen dituzten emaitzak kontrolatu... Ordu asko sartzen dituzte, ordu gutxi lo egiten dute eta hori sufrimendu handia da. Gu lasterketan gaude sartuta, baina beraiek autoa gidatzen ari dira, taktika pentsatzen, beste taldeak jarraitzen... guztian pentsatzen.
Zer nabarmenduko zenuke?
Profesional handiak direla. Gainera etxekoak dira, eta betidanik ezagutzen duzun jendearekin lan egitea errazagoa da. Egun asko pasatzen ditugu elkarrekin; azken hilabeteetan gehiago ikusi dut Pablo nire gurasoak baino. Irailean Italian bi aste eta erdi egon ginen, Aljerian hamar egun eta aurreko astean astebete Italian. Ordu asko dira elkarrekin, baina etxekoekin, errazago.
Jorge Azanzak, arduradun nagusia izaki, zama gehiago.
Jakina. Teknikariek lan handia dute. Esaterako, astebetean Aljeriara edo Panamara joateko erabakia hartu eta irteera guztia antolatu. Nik, azkenean, entrenatzen dut, zaintzen naiz, deskantsatzen dut eta lasterketan nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz. Baina beraiek karga handiagoa dute, eta bereziki Jorgek, arduraduna izanda aurpegia eman behar duelako gauzak ondo edo horren ondo ateratzen ez direnean. Gauza asko dauzka buruan eta hori estres handia da. Erronka lortuta, ziur nago orain merezitako atsedena hartuko dutela.

LORPEN HANDIA
Aljeriako Grand Prix El Djazaïr irabaztea lorpen handia da zuretako, profesional mailako garaipenak oso garesti daudelako.
Bai, batetik Rankingari begira taldearendako puntu garrantzitsuak izan zirelako, eta, bestetik, pertsonalki profesional mailako lehen garaipena lortzea poztasun handia izan zelako. Martxoan Axel van der Tuuk taldekidearekin batera iritsi ginen Onturreko helmugara, ni bigarren nintzela, eta garaipena gertu ikusi nuen. Aljerian garaipena lortzea sekulako poztasuna izan zen niretako, profesionaletan garaipen bat lortzea ez baita edozeinek lor dezakeen gauza. Nik garaipen hori betirako izango dut. Gainera, sailkapen orokor bat irabaztea izan da. Aurrekoan aipatu zidaten duela 20 urte nafar batek ez zuela sailkapen orokor bat irabazten. Bitxia iruditu zitzaidan.

2027an Mikel Landa Euskaltel Euskadiko txirrindularia izango da. Talde laranjarendako bultzada handia da?
Inolako zalantzarik gabe, bultzada galanta da. Taldearendako, eta, bereziki, zaleendako, marea laranja horrendako. Ikusi besterik ez dago sare sozialetan zer nolako jarraipena izan duen Euskaltel Euskadik UCI Rankingeko puntuak lortzeko borroka horretan. Egunero jendetza izan dugu gure atzetik puntuak atera ditugun ala ez jarraitzen. Uste dut Mikelen fitxaketak eragin handia izan duela horretan, zaleek berriz ere gugan begirada jarri dutelako. Marea laranja berriz ere gorenean egoteko interesa piztu da. Imajinatu Mikelek aurten Vueltan irabazi duen etapa hurrengo urtean laranjaz jantzita lortuko balu... Sekulakoa litzateke.
Mikel Landaren fitxaketak Vueltako edo bestelako lasterketa handi horietako baten gonbidapena jasotzeko ateak irekiko dizkizue?
Mikel Landak jende asko du atzetik; bere jarraitzaileen artean "Landismo" deritzoten fenomeno hori sortzen du, eta bere taldeaz gehiago hitz egiten da. Hori kontuan izanda, nork ez du Mikel Landa bere lasterketa batean egotea nahi? UCIko Rankingeko 30 postuen artean sailkatu gara, datorren urtean bira garrantzitsuenetan aritzeko gonbidapenak jaso ditzakegu, eta ikusiko dugu jasotzen ditugun ala ez. Hori ez dago gure esku.
Denboraldia oso luzea izan da, baina pedal kolpe oso onarekin iritsi zara bukaerara.
Bai, hala da. Denboraldia asko luzatu zaigu. Puntuen borroka horretan egoteak bukaerara arte zentratuta eta sasoian egotea ekarri du. Lehiatzeko ezer izango ez bagenu, luzeagoa egingo litzaiguke. Pentsa, ilbeltzean hasi nintzen lasterketetan eta urriaren 18an bukatu dut denboraldia, Italian. Altsasuko festak eta feriak Italian pasa ditut, hara! (kar-kar).
"Aurten nire marka edo emaitza onenak lortu ditut, garaipena barne. Oso pozik nago"
Profesional mailako zure lehen garaipena lortzea, azken unera arte UCIko Rankingeko lehen 30en artean sartzeko borrokatzea eta erronka gainditzea... 2026 denboraldia orain arteko onena izan al da?
Duela bizpahiru hilabete atzera egingo bagenu esango nizuke orain arteko txarrena zela, baina azken hilabete hauetan pedal kolpe ona izan dut; azkenean, lanak fruitua ematen du. Urte hasieran gaixotu nintzen, gero ez nuen pedal kolpe ona lortzen, baina lanean jarraitu eta urte bukaera honetan garaipena lortu dut, Veneto Giroan hamaikagarren izan nintzen, bi bigarren postu izan ditut... Aurten nire marka edo emaitza onenak lortu ditut. Urte bukaera ona izaten ari da, emaitzei eta puntuei begira, orain arteko onena.

Nola sentitzen zara?
Oso pozik. Azken asteburua estres handikoa izan zen, uneoro lasterketa guztietako sailkapenak begiratzen, puntuak zenbatzen... Italian geundela Panaman Chiriqui Probintziako Klasikoa Gotzon Martinezek irabazi zuela ikustea sekulakoa izan zen. Poztasun handia dugu UCIko Rankingean 28. sailkatu garelako. Emaitza hauek lortzeko garaian zaletuek asko bultzatu gaituzte; azken asteetan oso gainean egon dira, eskertzekoa.
Orain, merezitako atsedena.
Bai, guztiz beharrezkoa duguna. Bizpahiru aste egongo naiz bizikleta ukitu ere egin gabe, eta azaroan hasiko naiz entrenatzen, ezin baikara despistatu. Europan 2027ko ilbeltzaren 14an hasiko da denboraldia, eta konturatzerako berriz ere errepidean lehian egongo gara. Uste dut urtero lehenago hasten garela eta beranduago bukatzen dugula.