Astekaria

"Hitza betetzen dugu. Madrilen ez daude horretara ohituta"

Alfredo Alvaro Igoa

Bel Pozueta Fernandez Altsasun.

Sei urteren ondoren Espainiako Kongresua uzteko erabakia jakinarazi du Bel Pozueta altsasuarrak. 

Politika instituzionala utzi du Bel Pozueta Fernandezek. Ardura hori izan duen lehen sakandarra da. Lehen legegintzaldia 2019ko abenduaren 3tik 2023ko maiatzaren 30era izan zuen eta bigarrena 2023ko agorrilaren 17tik 2026ko lastailaren 6ra.

Zer inpresio egiten du Kongresuan aurrenekoz sartzeak?
Lehenengoz denak bilduta, eserita, ikustean... Jende asko eta jende oso anitza. Jarrera eta pentsaera oso desberdinekin. Eta pertsona ospetsuak ikustea... Sanchezekin batera sartzea, edo ondoan egotea-edo, errespetu handia. 

Kongresuaren funtzionamendua zein den norbaitek azaltzen dizue?
Lege proposamena, legez besteko proposamena... Prozedura bakoitzak bere tramitazio moduak ditu. Gure oharrak ditugu. Han begiratzen dugu zenbat denbora den, baldintzak, prozedurak... Batzuetan gogoratzen dugu, baina laguntzaileek hainbatetan esan behar digute nondik jo edo hainbeste denbora eskaini beharko diozula hitzartze horri. Bestetik, batzordeak biltzeko hainbat gela daude, hiru edo lau eraikinetan banatuta daudenak. Ez da batere erraza. Deialdiak egiten direnean mapa txiki batean begiratu behar nuen, eta informazio bereziekin, zehatz-mehatz non zen jakiteko. Ospetsuenak ez, baina beste batzuk: "Baina hori non dago?" 

"Esperientzia daukatenak eta politikoki hurbil daudenak laguntzen digute berriei"

Laguntzaileak?
Bai. Duela bi urtez geroztik lege aholkularia dugu. Administrari bat ere badugu, horrek lan asko egiten ditu. Eta komunikazioko arduraduna eta koordinatzailea ere. Eta lantaldea. Hamar izan gara azken urte hauetan.

Zeinek lagundu zizun lehen pausoetan?
Lehenengo urtea nahiko gogorra da. Dena da berria. Hasieran Justizia Batzordean nengoen eta ERC eta Jutsekoak ondoan neuzkan. Asko lagundu zidaten, eta eskertu nituen pila bat, niretzat dena berria zelako. Esperientzia daukatenak eta politikoki hurbil daudenak laguntzen digute. Eta huts egiten eta asmatzen joaten zara. Hanka sartzen duzunean badakizu hurrengoan ez duzula horrela egin behar, badagoela har daitekeen beste bide bat. 

Zein garrantzia du talde parlamentarioa izateak?
Parte hartzeko denbora gehiago daukagu. Gure planteamenduak eta gure iniziatibak aurrera ateratzeko kupo bat dugu, gurea bakarrik aurrera eramateko. Esaterako, talde mistoan bost badaude, haien artean banatu behar dute. Gainera, dirulaguntzak, bozeramaileak... Batetik, baliabide gehiago eta, bestetik, baita ere aukera eta indar gehiago nor zaren markatzeko. 

Euskal Herriarekin koordinatu beharko duzue, ezta? 
Koordinatzailea eta koordinatzaile instituzionala ditugu. Nafarroan ere koordinatzailea dugu. Hemen aurrera eramaten diren ekimenak kontutan hartzeko eta, agian, Madrilen jarraipena emateko. Tramitatzen diren lege prozeduren arabera, hemengo eragileekin harremanetan jartzen saiatzen nintzen, hemengo ekimenak, hemengo ahotsa, Madrilera eramateko.  

"Pandemia garaian oso modu prekarioan ibili ginen, baina lan egiten"

Sartu eta berehala, pandemia. 
Bai. Martxoaren 8an kutsatu asko egon zirela entzuten zen. Bildu ginenean, dena bertan behera gelditu zenean, buruan dut Javier Ortega Smith (Voxeko kide izandakoa). Ez zituen ezta moduak zaintzen, tuju-tuju zegoen, mukiak kentzen. Gure artean esaten genuen: "honek Covid-19a du". Eta zuen. Dena bertan behera gelditu zen, eta denak etxera. Atotxara joan nintzen. Tren-geltokia bete-beteta zegoen. Denak Madriletik eskapo egin nahian. Alde batetik, beldur sentsazioa, zer etorriko zitzaigun ez genekielako. 

Telelana. Iritsi zitzaizuen?
Etenaldia. Ondoren Krisi Batzordeak genituen eta Madrilera joaten ginen, benetakoa ez zirudien Madril batera, huts-hutsik zegoen. Gu hotel berezi batean egoten ginen, hegazkineko pilotu eta laguntzaileekin, lan egiten ari zirenekin. Han elkartzen ginen denok. Eta bazkaltzeko-eta, zailtasun handiak genituen: patata frijitu poltsak, makinetako sandwichak... Horrela ibili ginen, oso modu prekarioan, baina lan egiten. Hainbatetan kongresura joaten ginen. Batez ere Krisi Batzordeak gogoratzen ditut. Eta prozedura edo dekretuen arabera, etxetik boto telematikoa ematen genuen.

Madrilen bizi behar izan duzu?
Bai. Normalean astearteetan goiz-goiz joaten nintzen eta ostegunean gauean bueltatzen nintzen. Baina hainbatetan, lege tramitazioekin edo lantzen ari nintzenaren arabera, astelehenetik ostiralera gelditzen nintzen. 

Eta Madrilen bizitzeko, zer?
Lehenengo urteetan zortea izan genuen. Apartamentu txikiak zituen eraikin bat aurkitu genuen, bakoitzak gurea genuen. Astero apartamentuz aldatzen genuen. Baina jabeak zaintzen gintuen eta saiatzen zen gu ahalik eta denbora gehien apartamentu berean egon gintezen. Baina 5 urteren ondoren putre funts batek erosi zuen eraikin osoa eta kalean gelditu ginen. Hainbat hoteletara joaten hasi ginen. Madrilgo ostalaritza oso gaizki dago, oso garestia. Gaizki ibili ginen. Astero hotelak bilatu behar genituen, eta oso garestiak ziren. Azkenaldian, apartamentu handi bat lortu genuen. Han elkartu ginen Mertxe, Oscar, Marije eta laurok. Nahiko ongi moldatzen ginen. 

Kalean jendeak ezagutzen zintuen?
Esaterako, Mertxe eta Oscar oso ezagunak dira, eta kalean ezagutzen zituzten. Hainbatetan modu onean gure lana goraipatzen zuten eta animoak ematen zituzten. Besteetan modu oso txarrean, zakarrean. Beti leku oso lasaiak bilatzen genituen. Eta beti zaintzapean, bizkartzainekin, gureak, badaezpada. 

"Altsasun jendeak politikarekiko zer nolako interesa duen ikusteak harritu nau"

Altsasun jendeak zerbait esan edo galdetzen zizun?
Politikarekiko zer nolako interesa dagoen ikusteak harritu nau. Altsasura pintxo-poterako garaiz ailegatzen banintzen, iritsi bezain laster egun horretan landutako ekimenen baten inguruan edo asteazkeneko kontrol saioetan izandako iskanbilen inguruan jendeak asko galdetzen zidan, asko. Bai legeen inguruan eta, orokorrean, telebistan ikusi zutenari buruz. 

Kongresuko lanagatik beste tokiak bisitatu behar izan dituzu?
Bai. Martxoan, Emakumearen Egunaren inguruan jardunaldiak antolatzen dira Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzan. Han egon nintzen, eta New York estreinakoz ezagutu nuen. Esperientzia itzela izan zen. Munduko emakume pila bat, eztabaida oso desberdinak eta oso-oso aberatsa. Oslon ere egon nintzen, jardunaldi batzuetan. Han ere munduko makina bat emakume esperientzia desberdinekin, eta oso-oso aberatsa ere. Eta Katalunian eta Madril inguruan ere egon naiz. 

Kongresuan hizlari onik bada?
Batzuk bai, baina ez hainbeste. Denok paper batera gero eta lotuago gaude. Ni lehenengoa. Nik ez daukat horrenbeste esperientziarik. Beraz, badakigu zer partekatu nahi dugun. Dena dago kontrolatuta txio bat egiteko; denbora neurtuta eta hitzak oso neurtuta. Jendeak sare sozialetarako hitz egiten du. Irudia eta hitza. Hori ikusten da. Bat-batekotasuna desagertzen ari da. 

"Jendeak sare sozialetarako hitz egiten du. Irudia eta hitza. Hori ikusten da"

Kongresuan hainbat batzorde daude. Zeinetan lan egin duzu?
Hainbatetan. Altsasuko Auzitik Justizia Batzordera pasa nintzen. Ondoren Giza Eskubideen Batzordean, Gizarte Eskubideen Batzordean, Berdintasun Batzordean, Genero Bortizkeriaren Estatu Ituneko Batzordean, Memoriaren Batzordean, Hezkuntzakoan... 

Lan horretan zerbaitek ase zaitu?
Bai. Berdintasun Batzordean aurreko legealdian lege oso garrantzitsuak eta oso eraginkorrak onartu ziren. Ni horren partaide izateaz harro sentitzen naiz. Azken aldian, ingurune digitala eta adin txikikoen gaia lantzen ari ginen. Nere eginkizunak luzatzen ari nintzen hori prestatuta uzteko. Oso lege interesgarria eta beharrezkoa da. Lehenengo legealdian LOMLOE Hezkuntza Legean ni egon nintzen, baina, egia esan, guk eskuduntzak ditugula ikusita, lege hori ez zen oso ona izan. Memoriaren Legea aurrera atera genuen. Ez zen izan guk nahi eta eskatzen genuena, baina aurrerapausoak eman zituen lege horrek. Duela gutxi Dependentziaren Legea aurrera atera genuen, eta hori oso beharrezkoa zen. Eta, orokorrean, gure taldeari esker aurrera atera ziren legeak, batez ere, dekretuak: pertsonak ezaugarriak laguntzeko gizarte ezkutuak. Eta Etxebizitzaren Legea. 

Egitekoen zerrendan zerbait dago?
Bai. Indarkeria Bikarioaren Legea. Nahiko aurreratuta geneukan. Familien Legea. Gaur familia eredu anitzak daude. Hori guztia kudeatzeko eta laguntzeko beharra dago. Bi horiek bertan behera geratu dira. Legeak aurrera ateratzen dira, baina, ondoren, legeak indarrean jartzeko arauak behar dira. Gobernua behartzen saiatu gara, arautzeko, ezartzeko eta ekonomia memoriak egiteko. Eta hor utzi hutsune handi handiak egon dira. 

Parlamentuko beste taldeetako kideekin zer moduzko harremana?
Orokorrean, gu oso ongi etorriak izan gara. Ikusten dute hitza betetzen dugula. Madrilen ez daude horretara ohituta. Eta gu ere ez gaude ikusten dugunarekin ohituta: hainbatetan hitza ematen dute, arlo guztietan eta hainbat taldek, eta gero ez dute betetzen. Guk esaten duguna betetzen dugu, eta negoziaketetan jendeak edo talde politikoek berme hori eskertzen dute. Negoziaketetan, nik uste dut ondo moldatu garela. Eta lege aholkularia izatea izugarrizko babesa da; negoziaketetan aldamenean pertsona aditu bat izatea, legearen prestakuntza prozesu guztia partekatu duguna eta legea erabat kontrolatzen duena. 

"Berdintasun Batzordean aurreko legealdian lege oso garrantzitsuak eta oso eraginkorrak onartu ziren"

Bilkuretan eta batzordeetan parlamentariek elkarri entzuten diote? Elkarrizketa sortzen da? 
Denetatik, gaiaren arabera. Baina konturatu behar gara 09:00etan sartzen garela eta, esaterako, astearteetan 21:00etan bukatzen dugula. Hainbeste ordu adi egotea ezinezkoa da, edonorendako hori ezinezkoa da. 

Eta zaintza lana egin behar duten parlamentariek nola kontzilia dezakete bizitza eta lana?
Kongresuan haurtzaindegia dago. Batez ere emakumezko parlamentariak ikusten dira haurrekin joaten goizean goiz. Baina familian zure zaintzaren beharra duen norbait badaukazu, ez da bateragarria Madrilera parlamentari izatearekin. Ezinezkoa da. Hara joaten garenean dena ahaztu behar dugu. Horretarako baimenik ez dago. Senideren bat ospitalean badugu, boto telematikoa lortzeko oso zaila da. Oso-oso justifikatuta egon behar du. Orain malgutu da pixka bat, baina oso zaila da. 

Parlamentukoak zenbat du antzezpenetik?
Asteazkenetako kontrol saioan gehiena antzezpena da. Azken urte honetakoa lotsagarria da. Saiotik saiora lotsa maila gainditzen da. Guk Voxekoak nahiko gertu ditugu eta etengabe daude iraintzen, komentarioak egiten... Eta, zoritxarrez, hori da saltzen dena eta hiritarrek ikusten dutena. Pentsatzen dute horrela gaudela beti, liskar betean. Batzordetan beste giro bat dago. Nahiz eta azken urte hauetan Voxekoek ere batzordeak erabiltzen dituzten sentsazio txar hori zabaltzeko. 

"Berdintasun Batzordean aurreko legealdian lege oso garrantzitsuak eta oso eraginkorrak onartu ziren"

Irudi hori emateko interesa dago?
Nik uste dut baietz eta, gainera, kalera eta sare sozialetara mugitzen da. Gorrotoa kalean zabaltzen ari da. Parlamentukoa ez da bulkada bakarra, baina bulkada handia da. Han halako portaerak ikusita, zigorgabetasuna sortzen da, ondoren edonor, edonon modu berean aritzeko. 

Kamerak eta mikrofonoak itzaltzean parlamentarien jarrera bera al da?
Jendea erretzen dagoenean zer-nolako taldeak sortzen diren ikustean harritu egiten gara. Guk, esaterako, Voxekoekin ez dugu harremanik, ezta beraiek gurekin ere. Eta PPkoekin negoziaketetan izan ditugun esperientzien arabera izaten da. Indarkeria Matxistako Estatu Ituneko Batzordean PPkoekin asko hitz egitea tokatu zaigu eta harremanak ditugu. Baina PP eta Voxekoekin gero eta harreman gutxiago daukagu.

"Politikari guztiak berdinak dira". Zer sentitzen duzu hori entzutean?
Ez nator bat, argi ikusten dut ni ez naizela beste batzuk bezalakoak. Guk gure hitza betetzen dugu, oso xumeak gara, interes orokorraren alde aritzen gara. Geure jokaera oso etikoa da. Beste batzuk, berriz, etika erabat ahaztuta dute. 

"Asteazkenetako kontrol saioan gehiena antzezpena da. Azken urte honetakoa lotsagarria da"

Beraz, politikak balio du?
Ez daukat zalantzarik. Nik hori beti sinistu izan dut, nahiz eta politika instituzionalean ez egon. Gazte-gaztetatik joera nuen politikarekiko. Edo ikusten nuen arlo desberdinetan jokatu behar genuela, lan egin behar genuela, denok daukagula hainbat mailatan ekarpenak egiteko prestakuntza. Gure hitzak eta gure ekarpenak, gizarte hobe baterako baduela zeregina. 

Politika instituzionala utziko duzu. Politika utz daiteke?
Ez. Esaten da: "politika dena da". Nik hori sinesten dut. Jaikitzen garenetik, gure hautu eta pentsamenduak, gure jarrera politikoarekin lotuta daude. Beraz nik jarraituko dut EH Bilduren komunitatean nire ekarpena egiten. 

Legegintzaldiaren akabera eta politika uztea bat egin dute Altsasuko Auziaren 10. urteurrenarekin. 
Kasualitateak edo. Altsasuko Auzia ordezkatzen nuelako  proposatu zidaten EH Bilduko ordezkari izatea. Eta, begira, hamar urteren ondoren, dena bukatzen denean, nik ere uztea erabakitzen dut. Zikloa bete dut. 

Eta orain, zer?
Gorputza zaintzea. Gorputzak urte batzuk eskatzen zeramatzan, eta beti luzatzen. Ni oso gustura egon naiz, pena ematen dit uzteak. Bizitzaren irakaspen eta esperientzia izugarria izan da. Eta norekin egon naizen eta nor ordezkatu dudan, zortekoa izan naiz. Horretaz harro sentitzen naiz. Bestetik halako "mendekotasuna" sortzen du. Alde batetik, pena uzteagatik eta, bestetik, atseden hartzeko beharra dut. Ekarpena egiten jarraituko dut gorputzak uzten didan arte.