Esaera batek dio Usain ona, ontzi txikian, eta horrelako zerbait gertatu da XV. Arte Azokan: aurtengo artelanak formatu txikikoak dira. Altsasuko udaletxeko obrak bukatu bitartean Iortia kultur guneko erakusketa aretoa behin behineko udaletxea da eta, beraz, Artebide elkarteak antolatzen duen Sakanako artisten erakusketa lekualdatu behar izan dute eta kultur guneko aretoen arteko pasabidean mustu zuten, urriaren 16an. Azaroaren 15era arte izanen da ikusgai, eta erakusketa ez ezik, kultur guneko areto txikian Bideoarte emanaldiak izanen dira eta urriaren 23an, 28an eta azaroaren 11n, eta IA artean Adimen Artifiziala artearen munduan inguruko solasaldia egin dute.
"Ideia berriak sortu dira, beste moduan sortu ez liratekeenak; pizgarria ongi dago"
"Ongi dago egoera berria; erronka izan da, ziurgabetasun puntu hori. Zerbait egin nahi genuen, tokirik ez genuen, eta zer egingo dugu?". Formatu txikian egiteko ideia sortu zela azaldu du Marijostai Artebide elkarteko kideak eta Arte Azokaren sustatzaile batek: "Ideia berriak sortu dira, beste moduan ez liratekeenak sortuko. Pizgarri hori ongi dago. Dena seguru daukazunean mekanikoki egiten duzu". Bestetik, mustutze egunean kultur guneko sarreran XV. ARTE AZOKA jartzen duen paper txuri handi bat jarri zuten, nahi duenak haren sormen lanak egiteko, "jarri eta berehala haurrak pintatzen hasi dira, eta hori berria izan da tokia ez izateagatik".

2012an atera zuten lehenengo aldiz artea kalera. "Ferietan ganadua ateratzen zen bezala, pentsatu genuen guk artea aterako genuela". Nola aterako zen jakin gabe hasi zirela aitortu du Marijostaik, "orain ikusten dugu eta ezin dut sinistu. Hamabost urte bete ditugu!". Garai horretan Sakanako zenbait artista elkartzen hasi ziren, "Artebide izena gero jarri genion", hasiera batean sortzeko lokalak eskatuz: "Udalak lokala uzten zigun baino beste batzuekin elkarbanatu behar genuen eta ezin genuen materiala bertan utzi...". Lokalaren ideiak ez zuen aurrera egin, "baina ideia hau bai, atera zen".
Artebide
"Hemen badago jende pila bat gauzak egiten dituena, denetarik, gainera; denetariko artistak daude, diziplina guztietan, eta batez ere horren kultur gune egokia dugunez, horrelako erakusketa gela batekin, zukua ateratzea horri, gainera, Sakanako artistekin". Bertako artisten lana aldarrikatu nahi izan zuten Arte Azokarekin. "Garai batean esan genuen: feriekin lotuko dugu momentu aproposena delako kanpoko jendeak ere ikusteko". Urte hauetan lortutakoa "harrigarria" dela gaineratu du artistak.
Mugarria bosgarren edo seigarren urtea izan zela azaldu du: "Lehen zen gauza bat Iortian zegoena eta gehienbat lagunak eta etxekoak etortzen ziren. Baina urte horretan jendea galdetzen hasi zen, Arte Azoka ezagutzen zuen, eta sentitu genuen barruan geundela". Erakusketara jendea joaten hasi zen, "aldaketa hori nabaritu genuen, eta ferietako beste ekimen bat izatean hasi ginen".

Erakusketa antolatzeko urtearen arabera jende gehiago edo gutxiago egoten dira, aurten lau pertsona egon dira. "Talde txikitxo bat elkartzen bagara, aurrera". Taldea aldatzen joaten dela azaldu du artistak eta edonor sar daitekeela gogoratu du: "Batzuetan artistaren batek esaten dit ez diogula deitu. Guk ez dugu deitzen! Edo esan didate ea norbaitek zergatik ez duen parte hartzen. Bada ez zaigulako burutik pasa. Gurekin kontaktatu eta aurrera". Behin erakusketa amaituta balorazioa egiteko elkartuko dira eta zer hobetu daitekeen eta abar eztabaidatuko dute, eta uztaila aldean 2027ko feria antolatzen hasiko dira.
Formatu txikian
Guztira, 31 artistek parte hartu dute XV. Arte Azokan, artelan banarekin. Sakanako artistek eta gonbidatutakoek parte hartzen dute. Orokorrean erakusketara bakoitzak nahi duena eramaten du, baina aurten "espresuki" sortutako lanak erakutsi dituzte: "Niri kostatu zait. Batzuetan aurretik egindako zerbait ekartzen dut, eta berdin zaizu tamaina. Metro batetik ez pasatzeko eskatzen diegu. Baina aurten egin behar izan dugu". 15x15 zentimetroko piezak dira. "Patxiren, artista baten, ideia izan zen. Beste ideia batzuk ere egon ziren, baina hau ongi zegoen eta horrela pasilloan egiteko aukera ematen zigun".

Aurten ere Adimen Artifizialarekin manipulatutako irudi bat aurkeztu dute, "eta pentsatu genuen: hemen dago AA. Zer egingo dugu honekin?". Haien artean eztabaidatzen hasi ziren baina obra onartzea pentsatu zuten, eta horren bidez urriaren 23an IA artean solasaldia antolatu zuten: "AA eta artearen lotura, horren atzetik zer dagoen, izan ere, erabiltzen dugu baina ez dakigu nondik datorren eta zer dagoen". Eztabaidatzeko eta ikasteko aukera bat izango dela azaldu du Marijostaik.
Bestetik, Bideoarte emanaldiak izango dira ere: "Normalean erakusketaren sarreran jartzen ditugu proiekzioak". Beraz, aurten areto txikian proiektatuko dituzte Yolanda Mazkiaran eta Joseba Salegiren lanak.