Estatuko herrietako pentsiodunen plataformekin batera, Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideak Madrilen egin zen manifestazioan parte hartuko zuten larunbatean, lastailak 24. Mugimenduko kideek azaldu zutenez, “gero eta pertsona gehiago hilaren akaberara iritsi ezin diren bitartean, pertsona aberatsak gero eta aberatsago egiten dituzten zerga eta ekonomia politikak salatuko ditugu”. Nabarmendu zutenez, “aberatsek gero eta aberastasun eta botere handiagoa metatzen dute, osasuna, etxebizitza eta arreta bezalako oinarrizko eskubideak dirutan eraldatuz, eskua gure poltsikoetan sartuz, produktu eta zerbitzuen prezioak espekulatuz eta igoz”.
Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideen iritziz, “jokoan dagoena da inbertitzaileen eta errentazaleen kontuak gizentzen jarraitzea edo langileok gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna modu ekitatiboan banatzea”. Gaur egun horren guztiaren adierazle gisa etxebizitzarako eskubidearekin gertatzen ari dena dela gaineratu zuten. Bestetik, manifestazioan “argi eta garbi utzi” nahi izan zuten “PPk eta Voxek Pentsio Sistema Publikoaren kolapsoaz esaten dutena gezurra” dela. Bi alderdi horiek pentsio sistemaren “pribatizazioa eta murrizketa berriak” eskatu dituztela salatu zuten.
Pentsiodunak kexu dira haien erosahalmena murriztu egin delako. Izan ere, gobernuak pentsioak %3,2 igoko ditu eta Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) urte batean %5 hazi baita. Horregatik, gobernuari pentsiodunen erosteko ahalmena bermatzea exijitu diote. Horretarako, pentsioen eguneraketari KPI erreala aplikatzea eskatu dute. Hori urte akabera baino lehen jasoko luketen aparteko ordainsari batekin konpentsatzea eskatu dute. Aldi berean, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea exijitu dute. Baita 40 urte edo gehiago kotizatuta dituztenei koefiziente murriztaileak kentzea eskatu dute.
Aldi berean, sindikatuek azaroaren 11rako deitutako greba orokorrarekin bat egiten duela jakinarazi du Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideak. Grebari pentsio duin eta nahikoen eskakizuna gehituko diote. Aldi berean, “guztion eskubideak bermatzeko hautestontziak botoz betez mobilizatuko gara azaroaren 29an”.