Beheko bentan egin beharreko lanak eman nahi ditu udalak

Guaixe

Udalak kalearen eskuinean dauden eraikinetaraino eramanen du saneamendu sarea. ARTXIBOA

Gaur egun ibaian bukatzen duten hondakin urak saneamendu sarera bideratuko dira. 

Altsasuko Udalak Beheko benta kalean, tren geralekutik hegoaldera, saneamendu lanak egin nahi ditu. Lanek 112.954,79 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planetik 85.398,10 euroko laguntza jasoko du. Obra kontratua eskuratu nahi duenak bere eskaintza azaroaren 6ko 23:59ra arte aurkez dezake. Egitekoa eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu lan horiek egiteko. 

Beheko benta kaleko lau eraikinetako (bi pisu blokeak dira) hondakin urak zuzenean Burunda ibaira joaten dira. Badira beste etxe bizitza batzuk ere zuzenean ibaira isurtzen dutenak ere. Isuri horiek ubeldean sortzen duten ingurumen eragina kentzeko, eraikin horietako hodiak herriko saneamendu sarearekin lotuko dira. Horretaz aparte, udalak euri asko egiten duenean sortzen den arazoari ere aurre egin nahi dio. Kolektorea urez betetzen da eta uraren indarrak errepidean dauden saneamendu sareko tapak jasotzen ditu eta handik hondakin urak ateratzen dira. 

Beraz, udalak hondakin urak jasotzeko sarea eraikin horietaraino luzatuko du. Ur beltzak herriko sarera igotzeko punpa jarriko du. Eta urak gainezka ez egiteko, gaur egungo saneamendu sarean gainezkabide bat eraikiko da.