Emakumezkoen jubenil-kadete mailan bosgarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Gares taldea hartu zuen eta gorritxoek bide onetik segitu zuten, garaipen sendoa lortu baitzuten (4-2). Lehia borrokatuan, Enara Colomok mustu zuen Altsasuren markagailua 20. minutuan, eta 12 minutu beranduago Irune Azpiazuk bigarrena sartu zuen. Lehen zatiko luzapenean Garesek gola sartu eta 2-1 hurbildu ziren.
Bigarren zatian bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren. Garesek bina berdindu zuen 61. minutuan, baina Altsasuk ez zuen etsi eta 4 minutu beranduago Maider Mazkiaranek Altsasu 3-2 aurreratu zuen. Lehiak bizi-bizi segitu zuen 80. minutuan Goiatz Aldasorok laugarrena sartu eta partida erabakita utzi zuenera arte (4-2). Markagailua ez zen gehiago mugitu eta garaipen polita lortu zuen Altsasuk.
Izarra da jubenil-kadete mailako liderra (12 puntu), Baztan B bigarrenarekin puntutara berdinduta. Altsasu laugarren da (9 puntu). Seigarren jardunaldian Altsasuk Leitzaldea du aurkari, Leitzako Ardiskil zelaian.