Astekaria

"Saririk handiena da pertsonak irribarre egitea"

Alfredo Alvaro Igoa

Xabier Gorriz Chaparro Turkian lortutako garaikurrarekin. Atzean aitortza gehiago ditu.

Turkian, Antalyan, jokatutako txapelketan Xabier Gorriz Chaparro altsasuarraren teknika eta lan ona nabarmendu ziren lastaileko laugarren asteburuan.

Munduko txapelketa irabaztea "esperientzia ikaragarria, sinestezina" izan dela aitortu du txapeldunak. 

Zer da ile mikropigmentazioa?
Ile folikulua sortzen den unea birsortzean datza. Eta hori egiteko hainbat teknika daude. Teknikez aparte hainbat efektu sor ditzakegu. Batetik, burusoila den pertsonari kaskamotz efektua sor diezaiokegu. Buruaren alboko ilearekin tonua berdintzen diogu, degradatu. Bestetik, buruan ilea duenak, baina bere burua gehiagorekin ikusi nahi duenari dentsitatea eman diezaiokegu. Ilea txertatu dutenei asko egiten diet, dela ez duelako lortu nahi zuen dentsitatea, dela txertatzea ongi gelditu ez zaielako, dela bere burua hobe ikusteko dentsitatea irabazi nahi duelako edo dena delakoagatik. Bestetik, ile txertaketa batean ilea kendu den tokian gelditzen diren orbainak ere estal daitezke teknika honekin. Gainera, istripu bat-edo izan dutenen orbainak ere trata ditzaket. Badaude tratatu ezin daitezkeen orbainak. Gaixotasun baten ondoren ile asko galdu dutenei edo dentsitate gutxi gelditu zaienei ere laguntzen diet. Kasu horietarako ere zoragarria da ile mikropigmentazioa. Izan ere, ez da oso inbaditzailea, oso azalekoa baita. Larruazalaren lehen geruzan egiten da. Min oso gutxi egiten du, pertsonaren larruazal motaren araberakoa da hori; azala sentikorragoa duen edo ez, min pixka bat gehiago edo gutxiago egin diezaioke.

"Produktu izarra kaskamotz efektua da eta bizpahiru saio izaten dira"

Zein da zure teknika?
Nire teknika naturaltasunean eta testura eta kontrastea ematean oinarritzen da batez ere. Lehen saioetan tonu argiagoekin hasten naiz, eta ondoren tonua igotzen joaten naiz. Horrela testura eta kontraste desberdinak sortzen ditut. Hori errealena iruditzen zait. Aurretik ia hamar urtez tatuatzailea izan naiz. Ile mikropigmentazioa ikasi nuenean beste teknika bat irakatsi zidaten. Teknika ikastea mugarria izan zen niretako. Baina ikasitakoa aldatzen joan naiz, niri beste era batera gustatzen zaidalako, eta hala nire teknika sortu arte. Tatuatzaile gisa izan dudan esperientziak balio izan dit nire teknika sortzeko. Esaterako, larruak nola sendatzen diren jakiteko eta hainbat saiotan tonu argiago eta ilunagoak lortu ahal izateko.

Zenbat saio behar dira?
Pertsonaren eta alopezia mailaren arabera, eta kaskamotz efektua edo dentsitatea den. Produktu izarra kaskamotz efektua da eta bizpahiru saio izaten dira. Normalean hiru.

Zer material erabiltzen duzue?
Buru azalerako pigmentu berezi bat erabiltzen dugu. Ez du tatuajetarako balio. Ezta bekainen edo ezpainen mikropigmentazioa ere.

Buruan folikulu pila daude. Banaka egiten al dituzu?
Banan-banan, bai. Ez ditut kontatu, milaka dira. Segundo batean, hoberenean, 20 edo 30 puntutxo egiten dituzu. Pentsa zenbat behar diren kaskamotz efektua sortzeko buru batean. Orratz fin-fin bat erabiltzen dut, hiru puntatxo ditu, baina bat dirudi, oso fina baita. Oso fina izan behar du, hazten zaigun ilea oso fina delako. Ahalik eta naturalena izan dadin orratzak oso fina izan behar du, garrantzitsuena, azkenean, naturaltasuna delako.

"Orratzak oso fina izan behar du, garrantzitsuena, azkenean, naturaltasuna delako"

Kolorea galtzen al da?
Eguzkia etsairik handiena da. Urteen poderioz tonua oso astiro jaisten da. Oso azaleko geruza bat lantzen delako. Larruazal motak daude: koipetsuak, mistoa eta lehorra. Pigmentu gehiago edo gutxiago atxikitzen dute. Gehiago edo gutxiago gastatzen da ile mikropigmentazioa. Larruazal motaren arabera 2, 3, 4 edo 5 bost urtetik behin ukitu txiki bat egiten da, tonua pixka bat goratzea da, eta beste hainbeste urterako daukazu.

Eta txapelketa bat zertan datza?
Parte hartzea eta lehiatzea gustatzen zait. Bere garaian erremontean jokatzetik datorkit. Madrilen Espainiako txapelketa irabazi nuen irailaren 20an. Hamabost parte hartzaile egon ginen. Espainian maila ikaragarria dago. Txapelketa irabazi nuen eta Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela eman zidan. Turkian hamalau edo hamabost lehiakide ginen. Egindako lan onagatik irabazi dut. Hamarren gutxi batzuen aldeagatik irabazi nuen. Japonia bigarren eta Korea hirugarren izan ziren.

Zertan datza lehiak?
Buru batean ahalik eta naturalena den degradatu bat egin behar duzu. Denbora muga dugu: bi ordu eta erdi. Eta muga horren barruan ahalik eta ondoen lan bat egin behar duzu: alboko degradatua, aurrealdeko lerroa, dentsitatea. Hau da, bakoitzak bere teknikarekin ahalik eta naturaltasun handiena bilatu behar du.

"Txapelketan, bakoitzak bere teknikarekin, ahalik eta naturaltasun handiena bilatu behar du"

Pertsona baten buruan edo maniki bati egin zenioten?
Denetarik dago, txapelketa batzuk benetako ereduan egiten dira, pertsonetan, eta beste batzuetan manikietan. Ni benetako ereduan lehiatu izan naiz, asko gustatzen zait, errealagoa delako. Baina pertsonekin lan eginda baldintzak ez dira berak, pertsona bat bestea baino gehiago kexa daiteke minagatik, azala askoz gorriago jar dakioke eta horiek epaileen botoa baldintza dezakete batzuetan. Munduko txapelketan denok baldintza beretan jokatu behar genuen eta maniki buru batean birsortu genuen, bakoitzak bere teknikarekin. Hori bai, bakoitzak bere erreminta, tinta eta orratzak erabiltzen ditu. Eraman egiten ditugu.

Epaileek zer baloratzen dute?
Naturaltasuna, aurreko lerroa, alboetako degradatuak, puntu oso potoloak edo oso finak dauden, dentsitatea, kontrastea, testura eta garbitasuna. Herrialde bakoitzeko epaile bat dago. Espainiako epaileak ezin ninduen ni baloratu, baina besteek bai. Japonia eta Korea bigarren eta hirugarren geratu ziren eta haien epaileek nire lana gutxien baloratu zutenak izan ziren. Ni izorratzen saiatu ziren. Puntuazio orokorra eta epaile bakoitzak emandako puntuazioa erakusten dizute. Eta han ikusi nuen epaileen puntuazio oso altuak nituela, Japonia eta Koreako epaileen kasuan salbu. Puntuatzean, nahita, behetik jo zuten.


Xabier Gorriz Chaparro Altsasuko banderarekin podiumean. UTZITAKOA

Zer da munduko txapeldun izatea?
Oraindik asimilatzen ari naiz, oso hunkigarria da. Zaila da deskribatzea, mikropigmentazioaren arloko txapelketarik garrantzitsuena da. Txapelketa txikiagoak daude, eta horietan irabazi izan dut. Hau, ordea, mikropigmentazioaren mundiala edo olinpiada da, garrantzitsuena. Ate pila bat irekitzen dizkizu, jendeak ikusiko zaitu. Bi egunetan jendeak hots egin dit eta sei edo zazpi prozedura lotu ditut, nire teknika beste pertsona batzuei irakasteko bi prestakuntza saio, eta beste herrialde batzuetako kongresuetarako ateak zabaltzen dizkizu, hitzaldiak eman edo teknikaren erakustaldiak egiteko. Izan ere, erreferente gisa ikusten naute. Esaterako, Mexikon ponentzia bat emateko eskatu didate. Ate handi bat ireki dit, eta orain aprobetxatu egin behar da, jakina. Donostiako akuarioan hitzaldia emanen dut asteburuan.

Ospatu al duzu?
Bai, zeren lehiaketa egun bat izan zen. Bezperan iritsi nintzen eta egun horretan urduri zaude hurrengo egunean lehiatu egingo zarelako. Lehiatu ondoren askatu nintzen, eta 3 egun eta erdi gehiago nituen gozatzeko. Bost izarretako resort batean egon ginen. Irabazi izanagatik antolakuntzak denetara gonbidatu gintuen. Tokia itzela da.

Tatuajeak egiten hasi zinen.
Erremontean 5 urtez profesional izan nintzen, industria mantentzean hamar urte lan egin nituen eta tatuatzen ia beste hamar. Ikusten duzu nola aldatzen den bizitza, batetik bestera. Zer nahi duzun jakitean dena eman behar duzu. Ni aldatzen joan naiz, horixe baitzen eskatzen zidana: “hau asko gustatzen zait! Aurrera, trebatzera”. Pertsona bat tatuatzen ari nintzen eta ez nintzen ohartu ere egin ile mikropigmentazioa zuela, oso naturala zelako. Esan zidan. Pentsatu nuen: “hau nik egin dezaket. Edo egin diezadatela”. Orduan erabaki nuen trebatzea. Egin dudan gauzarik onena izan da ile mikropigmentazioan trebatzea. Aldaketa horrek bizitza aldatu dit, zeren orain ile mikropigmentazioa besterik ez dut egiten, tatuajerik ez. Nahiz eta hemengo jende askori aldaketak izorratu. Hemen ere badago oso ondo tatuatzen duen jendea, eta, beraz, hori ez da arazoa.

"Mikropigmentazioaren arloko txapelketa  garrantzitsuena da. Ate pila bat irekitzen dizkizu"

Zer tatuaje estilo lantzen zenuen?
Txuri-beltzeko errealismoa lantzen nuen batez ere.

Eskarmentu horrek lagundu dizu?
Nahikotxo. Aurretik makinarekin lan egiten ohituta nago. Makina ia bera da eta orratz berak dira, baina finagoak. Larruazaleko lehen geruzan lan egiten dut, epidermisean. Tatuajeak dermisean egiten dira. Teknikara ohitu behar duzu; izan ere, finagoa, leunagoa, da. Gainerakoa gauza bera da, ez zen aldaketa handirik izan. Berehala moldatu nintzen. Are gehiago, bospasei hilabete neramatzala, Espainiako lehen txapelketan eman nuen izena. Ia inor ezagutu gabe joan nintzen, eta irabazi egin nuen. Aspalditik horretan lanean ari zirenei eta prestakuntzak ematen zituen bakarren bati irabazi nien. Orduan salto handia eman nuen.

Zuregana zergatik etortzen dira?
Batez ere, nire lanaren naturaltasunagatik etortzen da. Sare sozialetan ikusten dutena gustatzen zaielako. Sareak dira nire lana erakusteko tresnarik indartsuena gaur egun. Nik beti erakusten dut nire lana. Eta konfiantza ematen diedalako. Zalantzarik badute nola lan egiten dudan ikustera etor daitezen gonbidatzen ditut. Eta ni ere ikus nazatela, ile mikropigmentazioa eginda daukadalako. Horrela zalantzak uxatzen dituzte.

Emakumezko bezerorik baduzu?
Bai, alopezia androgenetikoa duten emakumezkoak ere etortzen dira. Gizonezkotan alopezia askoz ohikoagoa da, baina emakumeetan ere badago. Gizonezko eta emakumezkoen arteko aldea da gizonezkoari ilea larru arrasean mozten diozula, ohikoagoa da hala ikustea gizonezkoa. Baina emakumezkoen artean ez. Emakumezkoei, batez ere, dentsitateak egiten dizkiet. Ilea dutela lan egiten da, nekagarriagoa da, denbora gehiago behar da. Bai emakume bati ere oso ondo egin dakioke ile mikropigmentazio tratamendu bat.

"Egin dudan gauzarik onena izan da ile mikropigmentazioan trebatzea"

Behin bukatuta, zer diote bezeroek?
Sentimentalki eta emozionalki tatuajea baino indartsuagoa edo boteretsuagoa da. Pertsona bat hobe senti dadin aldatzen ari zara. Tatuajea gehiago izan daiteke gai estetiko bat edo moda bat. Zoragarria. Baina hemen gaizki pasatzen ari den pertsona bat dago: gaixotasun bat izan du, konplexu handi bat dauka eta txanoa jantzita du. Hori bat-batean kendu eta hobeto ikusi eta hobeto sentitzen da. Hori niretako sari guztien artean saririk handiena da, ez koparik ez ezer. Niretako saririk handiena da pertsonak irribarre egitea, besarkada bat ematea eta eskerrak ematea.

Ordu asko dira elkarrekin.
Bai. Sei edo zortzi ordu guztira pertsona bakoitzarekin. Behin lanean hasten naizela, esaten didate: "Hitz egin diezazuket?" Jakina. Azkenean jendea ireki eta gauza asko kontatzen dizkizu. Normalean, jendea zoragarria da, eta ni oso pozik nago.

Non lan egiten duzu?
Altsasun. Eta Errotxapean zentro bat zabaldu dut duela bi hilabete-edo. Coworking bat da. Han gela bat dut eta noizean behin han lan egiten dut. Beste lau areto alokatu dizkiet estetika edo ongizatea lantzen dutenei.

"Zer nahi duzun jakitean dena eman behar duzu. Ni aldatzen joan naiz, horixe baitzen eskatzen zidana"

Prestakuntzak ere ematen dituzu.
Orkoienen bulego batzuk alokatu nituen. Haietako bat handia da eta sei edo zazpi ohatila sartzen dira eta nire teknika ikasi nahi dutenei prestakuntza saioak ematen dizkiet. Gutxi gorabehera, bi hilean behin prestakuntza bat egiten dut, eta gehienez bost pertsona egoten dira. Jende gutxirekin lan egitea gustatzen zait, ahalik eta arreta onena eskaini ahal izateko. Niretako oso garrantzitsua denez praktika egitea, praktika egitean bakoitzak pertsona batekin lan egin dezala. Egia esan, jendea oso pozik ateratzen da. Ondoen egiten saiatzen naiz, eta oso pozik nago.

Zein bizi da hobeki: tatuatzailea edo ile mikropigmentatzailea?
Zintzoki, mikropigmentatzailea. Tatuatzen nuenean goiz eta arratsalde egoten nintzen lanean, jende askorekin. Eta etxean egin beharreko marrazketa lana handia zen. Lan honekin goizean saio bat eta arratsaldean beste saio bat, eta kitto. Beraz, denbora gutxiago lanean eta etxean egoteko denbora gehiago daukat, eta ez daukat marrazketa, diseinua, lana. Niretako denbora irabaztea garrantzitsua da. Eta, tira, ekonomikoki ere salto txiki bat izan da aldaketa egitea. Lanean jo eta su segituko dut, ahalik eta hobekien, eta jendeari irribarrea ateratzen.