Kamioien aparkalekua arautzen duen ordenantzan aldaketa eginen da

Guaixe

Kamioiak aparkalekuan aparkatuta. ARTXIBOA

Ordenantza aldatzeko aldez aurretiko kontsulta publikoa zabaldu du udalak

Lanaldia bukatu eta etxera bueltatzen diren kamioi gidari askok ezin dute beraien kamioiak udal aparkalekuan utzi. Eta herrigunetik kanpo non-nahi aparkatuta utzi beharra izaten dute. Horrek, jakina, kamioi gidariengan kezka sortzen du, beste lekuetan aparkalekuko segurtasun berme bera ez baitute.

Indarrean dagoen Altsasuko Udalaren ordenantzaren arabera, "ezinbestekoa da kamioi gidariak Altsasuko Ekonomia Jardueren gaineko Zerga eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga herrian bertan ordaintzea", azaldu du Javier Ollo Martinez alkateak. "Baldintza hori ezin dute bete enpresa batendako lan egiten duten kamioi gidariek, ibilgailuen zergak beste udalerri batean pagatzen direlako. Ordenantzan aldaketa eginda, gidari horiek kamioiak udal aparkalekuan sartzeko aukera izanen dute", azaldu du alkateak.

Aldaketa
Udalak eginen duen aldaketaren bidez kamioien aparkamenduak ordenantza bakarra izan beharrean bi araudi izanen ditu. Alde batetik, kamioien aparkalekuaren erabilera arautzen duen ordenantza. Horretan, kamioi aparkalekuaren erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zehaztuta egonen dira. Eta, bestetik, eduki fiskala duen ordenantza, aparkalekua erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa arautzen duena. Ollok zehaztu duenez, "herrian erroldatuta eta Altsasuko Udalari bi zerga horiek ordaintzen dizkioten kamioi gidariek beraien ibilgailua udal aparkalekuan sartzeko lehentasuna izanen dute".

Legeari jarraituz, udalak parte hartze prozesua martxan jarri du, arauak ukitu ditzakeen pertsona eta erakundeen iritzia jasotzeko. Aldez aurretiko kontsulta publikoaren prozedura azaroaren 27 arte egongo da indarrean. Epe horretan iritzi, iradokizun eta oharrak aurkeztu nahi dituztenek altsasu@altsasu.net helbide elektronikora bidali beharko dituzte. Ordenantza berriaren proposamena altsasu.eus udal webgunean kontsulta daiteke.

Altsasuko Udalaren kamioi aparkalekua 2002ko maiatzaren 2az geroztik dago erabilgarri. Ordutik kamioiek ezin dute herrigunean aparkatu.