Astekaria

Urbasako lainoak inspiratutako eleberria

Erkuden Ruiz Barroso

Mari Romero idatzi dituen sei eleberriekin; ezkerrean, azkena, 'Cuando baje la niebla'. UTZITAKOA

Mari Romero idazleak 'Cuando baje la niebla' misteriozko eleberria kaleratu du, eta azaroaren 3an, asteartea, Altsasuko Iortia kultur gunean aurkeztuko du; Sakanan eta Urbasan kokatu du istorioa.

Altsasu bere bigarren herria dela esan du Mari Romero idazleak. Hamar urte bizi izan zen bertan, haurtzaroa pasa zuen, eta Legazpira bizitzera joan behar izan zirenean, "ez nuen nahi etorri". Familia dauka Altsasun, eta askotan etortzen da; baita bere sei liburuak herrian aurkeztu ditu ere. Oraingoan, "misterioz eta emozioz beteriko nobela hunkigarria" aurkeztuko du idazleak azaroaren 3an, asteartea, 18:00eta Iortia kultur gunean: Cuando baje la niebla eleberria. Urbasako basoetan eta Sakanan kokatu du istorioa, eta agertzen diren herriak eta pertsonaiak fikziozkoak diren arrean, errealitateko elementuak ere hartu ditu.

Detaileak 
"Familia guztiarekin harremana daukat, baina bereziki ganbarako etxean elkarrekin bizi ginenekin daukat, (lehenengo eleberria La casa de la buhardilla Altsasuko etxean oinarrituta dago), eta are gehiago Masi lehengusinarekin. Txikitatik lagunak izan gara". Hortaz, Romero askotan etortzen da Altsasura, eta lehengusinaren lagunekin ere elkartzen da: "Mari Carmen, Loli, Benita... bazkariak egiten ditugu eta egun batean Mari Carmenen etxean bildu ginen, Urdiainen, eta balkoitik Urbasa mendizerra ikusten da eta justu lainoa jaisten ari zen". Lagunak kontatu zuen batzuetan laina hainbeste jaisten dela, etxearen hormaren kontra egingo duela dirudiela, "eta gogoa ematen diola kubo bat hartu eta lainoa jasotzeko". Ideia horrekin itzuli zen Romero etxera, eta detaile horrekin abiatu zuen nobela. 

Eleberriak detaile batetik hasten ditu Romerok: "Gero jarraitzen du eta beste gauzak batzuk agertzen dira. Baina beti dago unetxo bat eta hortik sortzen da beste guztia". Horrela sortu zen Cuando baje la niebla: "Irudi batetik, momentu batetik jaio zen, eta gero Malenen istorioa kontatzen du". Gertaera "gogor batek" markatutako neska bat da Malen, eta egun batean Urbasako maldan gorpu bat agertzen da "eta berriro lurpetik ateratzen ditu bihotzean gordeta zituen sekretuak eta mina". Irakurlea bidaia "desberdinak" egitea nahi du Cuando baje la niebla eleberriarekin: "Gonbidatuko ditut Urbasa mendilerrora nire hitzen bidez bidaiatzera; lainoa justu jaisten ari den momentu horretan sartu eta egiaren isiltasunaren arteko lerroak nola lauzatzen diren begiratu". 

"Suspensea ez da bakarrik jakitea zer gertatzen den; barruan gertatzen ari dena jakitea"

"Suspensea ez da bakarrik jakitea zer gertatzen den, baizik eta pertsonen barruan zer gertatzen ari den jakitea eta argitzen denean nora eraman gaituen horrek". Irakurleak azken orriak ixtean pertsonaiak sentitzen dituzten "hotzikarak" sentitzea eta "lortu dugu" esatea gustatuko litzaioke idazleari. "Badaude egoera gogorrak, baina beti nire liburuetan itxaropena ematen diet; itxaropena ez da galdu behar". Auzi galduen defendatzaile amorratua dela esan du Romerok, "ezagutzen nautenek badakite, giza harremanetan murgiltzea gustatzen zait"; itxaropena pixka bat behar dela gaineratu du. 

Romeroren liburuetan tratatzen dituen gaiak gerrako desagertuak, homosexualitatea, genero indarkeria eta abar izan dira, eta Cuando baje la niebla liburuan "ez da berez bulling-a, baina antzeko zerbait", eta drogak gazteengan eragiten dituen gauzak landu ditu. "Eskaini nahi diet nire irakasle ibilbidean arrasto handia utzi didaten ikasleei; denek utzi didate, denak maite ditut, baina zailago izan dutenek, horiek, nire bihotzean gehiago gelditu direnak dira". Joxerra lagun minari ere dedikatu dio liburua, "gazte hil zen eta pertsonaia bat Joxera deitzen da bere omenez". 

Eleberria, hasieran jartzen duen bezala, fikzioa da: "Pertsonaiak eta dena fikzioa da; herria Sakanako herri bat da, izena aldatu diot, eta edozein izan daiteke. Deskribapena eta bertako herri bat da". Urbasa eta Andia bai agertzen direla nobelan. Fikziozko istorioa izan arren, errealitatean gerta litezkeen gertaerak agertzen dira, "eta zoritxarrez gertatzen jarraitzen du". 

La casa de la buhardilla, ¿Por qué no nos dejáis entrar?, Etxetorre Goikoa, El pintor de sonrisas, La Raja del Pantalón eta Cuando baje la niebla azken eleberria. Idazlearen seigarren lana da, eta oraingoan misterioa landu du. "Honek misterio gehiago dauka, aurrekoan emakumeen indara eta elkarrekin gaudenean lor dezakeguna erakutsi nahi nuen. Eta honetan bullinga eta drogak, eta misterioa dago ere". 

"Gauza bat horrela sentitzen badut, horrela idatziko dut; bihotzetik hatzetara doa"

"Horrela gertatzen da. Gauza bat pentsatzen dut eta bat-batean ateratzen zait beste gauza bat eta istorioa sortzen da. Nire ideala keta sentimenduak agertzen dira; idazten ari naizenean bihotzetik hatzetara joaten da, eta orrialdetan geratzen da". Literatur generoz aldatzeko beldurrik ez du idazleak; sentitzen duena kaleratzeko balio dio idazteak. "Gauza bat horrela sentitzen badut, horrela esango dut". Idazle batendako sentimenduak eta izaera alde batera uztea zaila dela gaineratu du. 

Azken eleberria 2024an kaleratu eta aurkeztu zuen, eta bi urte hauetan sortu du Cuando baje la niebla "gero hasten zarenean argitaratzen galeradak egin behar dira, zuzenketak...". Liburuak paperean jasotzen dituenean oso urduri jartzen dela aitortu du idazleak, "akatsaren bat aurkituko dudanaren beldur, eta normala da zerbait egotea". 

Azaroaren 3an, asteartea, Altsasuko Iortia kultur gunean (18:00etan), egingo du Cuando baje la niebla liburuaren lehenengo aurkezpena, eta 5ean Legazpin izango da mustutzea. Romero eskerrak eman nahi dizkio Iortia kultur guneko lan taldeari, bereziki liburuzainei, baita Elena Aldasoro Arkatz liburudendako dendariari. "Oso ongi portatzen dira beti nirekin". Sei liburuen aurkezpenak kultur gunean egin ditu. 

Jarraipena
Momentuz seigarren eleberriaren aurkezpenarekin buru-belarri ari da Romero, baina dagoeneko hurrengo lanarekin hasi da. "La casa de la buhardilla Altsasun kokatutako liburuaren jarraipena izango da, baina ez dut nire bizitza kontatuko, baizik eta Extremaduratik etorri ginenean zer gertakizun historikoek atentzioa deitu didaten eta zeintzuk izan duten garrantzia". Liburu berezia izango da ahizpari dedikatuko diolako, "duela sei hilabete hil zen, eta hitzaurrea berarendako izango da eta orrialde askotan bera dago presente". Oraindik liburuaren sorkuntzaren prozesuaren lehenengo urratsetan dago.