Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Euskal Y eta Nafarroako korridorea non lotu zehazteko dago. Eta ibilbidea nondik joan daitekeen zehazteko zundaketak egin zituzten Altsasun, Iñigo Aritza ikastolaren ondoan, garilaren 27tik agorrilaren 4ra. Lanak Guardia Civilak eta Foruzaingoak babestuta egin zituzten. Stop zundaketak AHTrik ez! ekimenak deituta, zundaketen kontra protesta egin zuten hainbat pertsonak. Lau egunez jarraian informazio batzarrak, zundaketa zaintzen zuen polizia lerrorainoko martxak eta Altsasun 400 pertsona inguru bildu zituen manifestazioa egin ziren. Zundaketara arteko ibilaldietan tentsio-uneak izan ziren, identifikazioak, oldarraldi mehatxuak eta zaintza-droneak zirela eta. Orain gutxienez protesta egin zuten sei pertsonari 100 euroko isun bana iritsi zaiela jakinarazi dute ekimeneko kideek. Aldi berean, "AHTaren kontrako mugimenduaren kriminalizazioa" salatu dute.
Ekimeneko kideek gogorarazi dutenez, egindako manifestazioan "zundaketa gelditzeko eskatzeaz aparte, erantzukizunak eskatu zitzaizkion Altsasuko alkateari Javier Ollori, Sakanan AHTaren alde dagoen udal bakarrari". Bestetik, ekimeneko kideek hedabideek garai hartan esandakoa ekarri dute gogora: "zabaldu zuten aurreikusitako azken zundaketa izango zela, nahiz eta gure egiaztapenen arabera, hirugarrena baino ez izan. Horrek pentsarazten du Altsasuko zundaketak propaganda helburu hutsa zuela, alternatiba bat ala bestea hartzeko erabakia ezin baita hiru zundaketa baino ez dituen ikerketa batean oinarritu". Ekimeneko kideak "makro azpiegitura horren kontrako borrokan jarraitzeko deia" berretsi du.