Arruazuko herriko etxeak Nafarpresen V. Tokiko prentsaren jardunaldia hartu zuen lastailaren 29an. Haren baitan III. Nafarpres sariak banatu zituzten. Erkuden Ruiz Barroso Guiaxeko kazetariak, atzera ere, elkarrizketa onenaren saria jaso zuen. Joan zen urtean ere sari bera jaso baitzuen.
Sari hori Sakanan geldituko zela argi zegoen.
"Elkarrizketen sariko hiru finalista sakandarrak izatea Guaixe zoriontzeko modukoa da"
Hori da. Onerako sorpresa hartu nuen hiru finalistak Guaixeko erredaktoreak ginela jakin nuenean. Gainera, saria eman aurretik EHUko irakasle Iñaki Zabaletak Urkiolak esan zuen oso maila ona zutela erreportajeek eta elkarrizketek. Elkarrizketen sariko hiru finalista sakandarrak izatea Guaixe zoriontzeko modukoa da. Maider Betelu Ganboa, Monica Zubillaga Andueza nazioarteko triatloi epailea lakuntzarrari egindako elkarrizketagatik izan zen finalista. Eta zu, ehorztetxearen martxa eta eta heriotzaren inguran, Jose Ignacio Ulayar Mundiñanori egindako elkarrizketagatik finalerako hautatu zintuzten. Gutako edozein izan gintezkeen saritua.
Lehen saria ezustean jaso zenuen pasa den urtean. Bigarrena ez da kasualitatea.
Bada, sorpresa izan zen niretako. Bigarrenez saritua izatea, ez nuen espero. Saria emateko unean Alfredo izena entzunen nuela sinetsita nengoen, zurea oso elkarrizketa indartsua zelako. Eta egia da ezustean hartu nuela nire izena entzutea. Hautagaitza aurkezteko garaian bi elkarrizketen artean zalantzan egon nintzen, baina aurkeztutakoa elkarrizketa polita zela nekien.
Zein elkarrizketak eman dizu saria?
Naroa Carrasco Macho historialari gazteari egindakoa. Ikertu gabeko arlo bati buruzko lan bat egin zuen: 1936ko estatu kolpearen ondoren kolpisten ejertzitoan izena ematera derrigortutako pertsonen fenomenoa. Bortxazko boluntarioak, gehienak sozialistak edo UGTko kideak zirenak. Guztia oso modu didaktikoan azalduta zegoela adierazi zuten epaileek. Oso pozik gelditu nintzen elkarrizketarekin. Elkarrizketak egiterakoan zerbait ikastea gustatzen zait. Kasu horretan asko ikasi nuen. Gainera, ikusten da Naroari Historia asko gustatzen zaiola, gustura azaltzen ditu gauzak, gustatzen zaio ikertzen dituen gaiak azaltzea. Berari ere eskerrak, bera baita protagonista.
Zer gogoratzen duzu elkarrizketa horretaz?
Prestatuta nituen galderak alde batera utzi nituela. Berarekin hizketan nengoen bitartean galderak sortzen zihoazen, ikerketaren mamia ateratzeko. Galdetu nion Historiako zein garai duen gustukoen ikertzeko. Eta berak esan zidan historialariek ez dituztela garaiak ikertzen, gertaerak baizik. Ikerketa gai bat hartzen dute eta horretan sakontzen dute. Ez garaiak. Beraz, ez du garai gogokorik. Dena bat delako. Eskemak apurtu zizkidan, "ea nondik jotzen dudan" pentsatu nuen. Baina berak oso ongi azaltzen du dena, oso polita eta didaktikoa izan zen elkarrizketa. Asko ikasi nuen. Azkenean, gustura gelditu nintzen.
Zure elkarrizketari buruz, epaileek zer esan zuten?
Baloratu zuten gai hori ez zegoela ikertuta, historialari gazte batek halako gai bati heldu ziola, elkarrizketara eraman genuela eta oso ongi azaldu nuela. Galderak ongi bideratuta zeudela. Erakusten duela herriko historialari batek egin duen lana eta horren emaitza.
Nolakoak dira gustura irakurtzen dituzun elkarrizketak?
Elkarrizketak irakurtzea gustatzen zait. Agian, luzeagoak direnak. Patxadaz irakurtzekoak. Egia da orain papera ez dudala hainbeste hartzen, baina webgunean elkarrizketa luze bat ikusten badut, paperean hartzen dut. Gehienbat nire gustuekin lotura dute elkarrizketak irakurtzea gustatzen zait, gai bati buruz ikasteko aukera ematen didatenak. Pertsonalak ere, saltsa duten horiek.
Zer eman dizu sariak?
Kasu honetan ez dut sariaren berri hainbeste zabaldu. Poztekoa da. Nafarpresen jardunaldia eta sari banaketa Arruazun egin genuen. Antolakuntzan egon gara eta hainbat gauza izan direnez, sariak eguna borobildu zuen. Sari ekonomikorik ez dago, beraz, elkarrizketak berdin-berdin egiten jarraituko dut. Eta, esan bezala, Guaixeren hiru elkarrizketa finalista izatea ospatzekoa da, zoriontzekoa da. Egiten dugun lana ongi egiten dugula adierazten du. Jardunaldiak eta sariak horretarako ere badira, tokiko prentsaren garrantzia, lan ona eta profesionaltasuna erakusteko, balioa aitortzeko. Guaixeko hiru finalista. Hor ona den zerbait dago.