KIROLDEGIA

Altsasun kirola familian egiteko aukera

Guaixe

Familia, bizikletan. ARTXIBOA

Azaroaren 14an, 21ean eta 28an Zelandi kiroldegian familian egiteko kirol saioak antolatu dira. Izena ematea zabalik dago.

Altsasuko Kirol Zerbitzuak, Txantxari Ludotekak eta Atabok Kirola Familian jarduera berria antolatu dute elkarrekin, haurrek eta beren familiek ariketa fisikoaz, jolasaz eta denbora partekatuaz elkarrekin gozatzeko pentsatutako proposamena.

Kirol eta jolas jarduera ezberdinen bitartez, txikitatik bizi ohitura osasuntsuak sustatu nahi dituzte, familia osora hurbildu eta elkarrekin kirolaz gozatu, ikasi eta ondo pasatzeko espazio bat eskaini. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, kirola familian egiteak onura ugari ditu: ohitura osasungarriak hartzen laguntzen du, kooordinazioa eta mugimendu trebetasunak hobetzen ditu, familia loturak indartu, lankidetza eta talde lana sustatzen ditu eta esperientzia positiboak partekatzeko eta oroimenak sortzeko aukera ematen du. 

Hiru saio
Kirola Familian ekimena 2019an eta 2020an jaiotako haurrei bideratuta dago, eta euren senitartekoei, pertsona heldu batek lagunduta parte hartu beharko baitute. 

Hiru jarduera prestatu dira Zelandi kiroldegian, 11:30etik 12:30era. Azaroaren 14an jolas kooperatiboak, zirkuituak eta bestelako kirol proposamenak; azaroaren 21ean jolasak igerilekuan eta akuazumba igerilekuetan; eta azaroaren 28an jolasak igerilekuan eta akuazumba. 

Izena ematea, azaroaren 12ra arte
Izena ematea zabalik dago azaroaren 12ra arte Txantxari ludotekan edo Whatsapp bidez (623426197). Doako jarduera da, baina tokiak mugatuak dira.