Iker Gomez Lopez de Goikoetxea txirrindulariarendako urte gazi-gozoa izan da aurtengoa. Gozoa, ProTeam mailako Kern Pharma taldearekin profesional mailan debutatu duelako; eta, gazia, babeslerik gabe geratu eta gero, taldeak ez duelako jarraituko eta horrek txirrindularien denboraldia guztiz baldintzatu duelako. Zorionez, Movistar Team Academy-k altsasuarraren atea jo du, eta Gomezek Abarca eskuadran segituko du profesional gisa.
FINISHER
Burunda klubean sekulako lorpenak izan eta gero, 2025. urtean Finisher taldearekin debutatu zenuen afizionatuen mailan. Zer nolako oroitzapena duzu amateur mailan aritu zinen urte horretaz?
Afizionatu maila ikaspen handia izan zen niretako. Finisher taldean aritzean asko ikasi nuen, eta horri esker Kern Pharma ProTeam profesional taldean stagiaire gisa aritzeko aukera izan nuen zenbait lasterketatan; afizionatuen mailan egin nuen denboraldia oso ongi etorri zitzaidala uste dut.
Egun txirrindulari askok jubeniletatik profesional mailara egiten dute salto, baina zuk diozu afizionatuen urtea ongi etorri zitzaizula. Zein da jubeniletatik afizionatuetara dagoen aldaketarik handiena? Abiaduraz hitz egiten da, tropelean ongi kokatzen ikasteaz...
Abiadura baino, exijentzia maila altuagoa dela esango nuke. Txirrindulari batzuk prest daude jubeniletatik profesionaletara pasatzeko, baina beste batzurendako gehiegizko saltoa izaten da; buruarendako ez da aldaketa erraza. Nire kasuan, afizionatuen mailan nutrizionistarekin hasi nintzen, eta pixkanaka profesional mailako ohiturei ohitzen hasi nintzen.
Afizionatuen urtean emaitza onak lortu zenituen. Nafarroako Itzulian bigarren izan zinen eta hiru garaipen lortu zenituen: Cirilo Zunzarren Memoriala, Sanroma Memorialeko lehen etapa eta Circuito Montañeseko lehen etapa. Garaipenak lortzea garrantzitsua da, talde profesionalek luparekin begiratzen baitute zuen palmaresa.
Afizionatuetan garaipena lortzea ez zen ezinbestean lortu beharreko zerbait, baina gauzak ongi egiten ari nintzela, horren konfirmazioa izan zen, eta horrek denboraldia lasaitasun gehiagorekin hartzeko aukera eman zidan. Neure burua bide eta maila onean ikusten nuen, eta hori buruarendako oso ona da.
"Profesional mailan ez nuen hasiera oso ona izan. Bidaietara ohitzea kostatu zitzaidan"
Afizionatuen mailan jada profesionalekin aritzeko aukera izan zenuen Kern Pharma taldearekin stagiaire aritu baitzinen. Profesionalekin aritzean zein izan zen sumatu zenuen aldaketarik nabarmenena?
Profesional mailan lasterketak modu ezberdinean lehiatzen direla, antolakuntza gehiagorekin, eta ez horrenbesteko erasoekin. Eta abiadura asko handitzen dela. Izan ere, txirrindulari profesionalen maila oso handia da, eta horrek abiadura handiagoan aritzea dakar.

KERN PHARMA
Aurten Kern Pharma taldearekin profesional mailara egin zenuen salto. Profesional mailan hasita, ikasketen inguruan zer nolako erabakia hartu zenuen?
Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari naiz, ez ditut ikasketak utzi. Irakasgai gutxiago hartu ditut, eta gradua pixkanaka ateratzen saiatzen ari naiz. Ez da batere erraza, hori argi, etxean denbora asko ez nagoelako eta etxean nagoenean entrenatu beharra dudalako eta arratsaldeetan ikasteko oso nekatuta egoten naizelako, baina ikasketekin gutxika aurrera egiten ari naiz. Izan ere, ez dakit noiz arte izango naizen txirrindulari profesionala, eta hau bukatzen denerako beste zerbait prest izan beharra dudalako.
Zure lehen profesional denboraldi honetan lauzpabost lasterketetan Top25ean sailkatu zinen, eta podiumera igo zinen, non eta Azerbaijanen, Baku-Khankendi Azerbaijan Cycling Race proban gazteen txapelketa irabazita. Beraz, beste pauso bat eman duzu.
Egia esan, ez nuen hasiera oso ona izan; profesionaletarako jauzia ematea asko kostatu zitzaidan. Gehien nabaritu nuena bidaien nekea izan zen. Denboraldi hasieran lasterketetara oso nekatuta iristen nintzen. Badirudi hegazkinez ordu eta erdiko bidaia egitea ez dela ezer, baina ni nekatzen nintzen, eta lasterketetara ez bazara %100ean iristen, zaila duzu. Bidaiak, ordu aldaketak, "jet-lag"-ak... agian batzuei gehiago eragiten digu. Nik jubeniletan eta afizionatuen mailan ez nuen horrenbeste bidaiatzen, beste txirrindulari batzuek bai, ordea, eta uste dut ohituagoak zeudela. Niri, aldiz, bidaietara ohitzea kostatu zitzaidan. Aurten ikasitako gauza askotako bat da hori, eta ongi etorriko zait datorren urterako.
"Kern Pharma taldea desagertzea pena handia izan da; egoera nahasi horretan, taldeak bat egin eta denboraldi oso ona egin du"
Hain zuzen ere, aurtengo helburua hori zen, profesional maila berriari egokitzea.
Hori da, nire burua maila horretan egon zitekeen probatzea zen koska. Maila oso handia dagoela ikusi dut, ongi ari naizela, eta lanean jarraitu beharra dagoela. Entrenamendu datuak hobetu ditut, gauzak ongi egiten ari naizen seinale, eta datuek eta sentsazioek lasaitasuna eman didate; urtero pausoak ematen ari naiz, eta hobetzen.
Zer sentitzen da txirrindulari profesional handien ondoan aritzean?
Ez nuke esango arraroa denik, baina tropelean zaudela alde batera begiratuta txirrindulari ezagun bat ikustea, eta bestera begiratuta beste bat... Hor egoteak poz handia ematen dit, haien mailara heltzeko lanean segitzeko motibazioa.
Nor da gehien miresten duzun txirrindularia?
Txikitatik Peter Sagan eta Wout van Aert miresten nituen, eta gaur egun van Aert, Sagan erretiratuta dagoelako. Esango nuke van Aerten antzeko ezaugarri batzuk baditudala, sprint eta klase gutxiagorekin, jakina, baina berak dituen indarguneak lantzen saiatzen naiz. Orain arte ez dut berarekin probaren batean aritzeko plazera izan; ea noizbait iristen den.

Txirrindulari gisa nola ikusten duzu zeure burua? Zertan hobetu beharko zenuke?
Hobetu, gauza guztietan; ez gara perfektuak, beti egongo da hobetzeko zerbait. Aurreko urteaz, 2025eko afizionatuez, esango nizuke agian ona nintzela gauza gehienetan; ez nintzen onena ezta batean ere, baina ez nintzen txarra ezertan. Aurten, ordea, ezingo nizuke ezer esan, ez dakidalako. Horrenbeste gauza gertatu dira, aldaketa horren handia izan da... Oraindik ez dakit nire lekua zein den eta nire gauza onak zein gauza txarrak zein diren.
Tropel profesionalean zure tokia aurkitzea falta zaizula uste duzu?
Bai, zein lasterketa mota ongi datozkidan eta xehetasun horiek guztiak jakitea.
Zer da ikasi duzuna?
Talde lana. Talde lana oso garrantzitsua dela, eta talde oso batek batera lan egiten badu, oso indartsuak garela.
Urte gogorra izan da Kern Pharmarako. Kirol emaitzei begiratuta, taldeak denboraldi bikaina egin du, zazpi garaipen tarteko, eta 27. sailkatu da UCI Rankingean. Baina babesle nagusirik gabe geratu da. Nahiz eta Juanjo Orozek ate guztiak jo, ez du babesle berririk lortu eta taldeak ez du aurrera segituko, pena handiz. Egoera nola bizi izan duzue?
Apirilera arte ez genekien ezer. Une batetik bestera agian datorren urtean taldeak ez zuela segituko esan ziguten, eta, jakina, taldekide guztiendako une oso zailak izan ziren. Ez genuen ulertzen zergatik geunden egoera horretan. Ez genekien datorren urtean lana izango ote genuen. Hala ere, taldekideok batera jarraitu genuen, dena eman genuen eta kirol emaitzei begira urte oso ona izan da.
"Talde lanaren garrantzia ikasi dut, talde batek batera lan egiten badu oso indartsuak garela"
Sekulako paradoxa, kirol emaitza onak izatea eta taldea kinka larrian egotea. Uneren batean zure txirrindularitza ibilbidea bukatuko zela pentsatu al zenuen?
Nire txirrindularitza ibilbidea bukatuko zela ez, soilik 20 urte ditudalako eta okerrenean amateur kategoriara bueltatuko nintzatekeelako, baina ez zen egoera batere erraza izan.

MOVISTAR TEAM ACADEMY
Kern Pharma taldea desagertu da, tamalez, baina profesional gisa aurrera segituko duzu, Movistar Team Academy izango baita zure hurrengo taldea. Noiz jarri ziren zurekin harremanetan?
Nire kirol agentearekin jarri ziren harremanetan, eta nik duela ez horrenbeste izan nuen eurekin lehen harremana.
Euren proposamena nola hartu zenuen? Movistar bezalako talde garrantzitsu baten interesa piztea ez da edonolakoa.
Oso ongi hartu nuen, nigan sinisten dutela azaldu zidatelako, eta konfiantza transmititu zidatelako. Horrek lasaitasun eta motibazio estra ematen dit datorren urtean ahalik eta hoberen lan egiteko. Oso pozik nago hurrengo urtean bertan arituko naizelako, ilusio handiarekin.
Beraz, erabakia hartzea ez zen zaila izan.
Euren interesa eta konfiantza ikusita, ez. Urte baterako sinatu dut, 2027rako.
Kern Pharmako Sergio Romeo zure taldekidea ere Movistar Team Academy-n ariko da.
Aurten biak batera lehiatu gara, eta biak goaz Movistar Team Academy-ra. Bertan taldekide izango ditugun gainontzeko txirrindulari ia gehienak ezagutzen ditut, jubenil, afizionatu eta profesional mailetatik.
"Movistarretik nigan sinisten dutela azaldu didate, eta konfiantza transmititu. Ilusio handia dut"
Nolako taldea da?
UCI WorldTour mailako Movistar Team taldearen harrobia da, UCI ProTeam taldeko taldea. Talde oso ona da. Aurreko urtea euren lehen urtea izan zen. Kanpotik begiratuta gauzak nahiko ongi egin zituztela esango nuke, antolakuntza oso ona dutela; datorren urtean beraiekin aritzeko beste arrazoi bat.
Maila gorenean, WorldTour mailan, taldea izatea beste faktore garrantzitsua da, talde nagusira beti norbait igoko delako.
Bai, baina horretaz gaindi, stagiaire gisa WorlTour taldearekin lehiatzeko aukera ere egon daiteke. Pertsonalki, stagiaire-ena ideia ona dela uste dut, prestakuntza gisa maila gorenekoekin alderatuta dugun maila ikusteko, edo beraiek lan egiten duten moduan pixkanaka murgiltzeko; beraietaz ikastea, finean.
Taldez aldatuta, orain arteko zure entrenatzeko modua eta martxa asko aldatuko al da?
Denboraldia bukatu eta atseden hartu eta gero, aste pare bat baino gehiago daramat lan errutinara edo normaltasunera bueltan, eta nahiko antzera, txirrindularitzak ez dituelako horrenbeste sekretu: ongi entrenatu behar da, ongi atseden hartu, ongi elikatu eta gutxi gehiago. Talde batean egotea edo beste batean, gauza gutxi aldatzen dira.
Noiz izango dituzuen talde kontzentrazioak? Konturatzerako 2027an gaude.
Duela bi aste taldekide guztiak Gorraitzen bildu ginen, elkarren artean ezagutu eta material berria hartzeko. Datorren denboraldia prestatzeko eta entrenatzeko kontzentrazio espezifikoa abenduan egingo dugu.
2027. urtea nola espero duzu?
Ilusio handiarekin. Aurten nire bizitzako urterik txarrena izan dela esango nuke, txirrindulari gisa egindako postuei begiratuta, baina aldi berean gehien ikasi dudan urtea izan dela uste dut, eta hori oso ongi etorriko zaidalakoan nago. Espero dut datorren urtean nire maila ematea, maila badudala eta lasterketetan gauzak ongi egin ditzazkedala badakidalako. Aurten gauzak ez dira ongi atera, baina neure buruan konfiantza dut eta datorren urtean pauso hori emateko gai izango naizela uste dut. Neurria ematea espero dut.
Urte gazi-gozo honen ondoren beste eskenatoki bat zabaltzen da zuretako. Baina ez zuretako bakarrik, gainontzeko sakandarrendako ere bai. Igor Arrietak Lidl-Trek taldean jarraituko du bere ibilbidea WorldTour maila gorenean, Iker Mintegik profesional mailan bere lehen garaipena lortu du eta baikor begiratzen dio etorkizunari, Aimar Tadeok profesional mailan debutatuko du Burgos Burpellet BH taldearekin, Ailetz Lasa Portugalen dago... Nola ikusten dituzu?
Igor oso ongi ikusten dut, txirrindulari erreferente gisa. Tarteka berarekin entrenatzea ikaragarria da. Iker Mintegiren maila igo da, edo, behingoz, bere benetako maila erakutsi du denboraldi amaiera honetan. Datorren urterako, oro har, ongi ikusten ditut sakandarrak.
Kern Pharmaren maillot berdea janztea polita izan da, taldeak iraun duen bitartean.
Bai, oso polita izan da. Babeslea galtzearen egoera horren aurrean guk ezin genuen ezer ere egin. Gertatutakoa pena handia da, baina gutxika taldekideak bere tokia egiten ari dira eta aurrera begiratu beharra dago.
