Ikasleen emozio ongizatearen aldeko apustua indartuz, Sagrado Corazon ikastetxeak Zuhaitz bizi izeneko hezkuntza berrikuntzako proiektua abiarazi du ikasturte honetan. Horretarako, Snoezelen zentzumen anitzeko esku hartzearen ikuspegia pixkanaka txertatuko du hezkuntza jardunean. Eva Uriz zuzendariak azaldu duenez, "metodologia hori 1970eko hamarkadan sortu zen Herbehereetan, eta erregulazio emozionalean duen eraginkortasuna frogatua dago".
Ekimenaren oinarrian ikastetxearendako funtsezkoa den ideia bat dago: "Espazioak ere hezten du", azaldu du Urizek. Gaineratu duenez, "proiektu horren helburua irakasleei ezagutzak eta baliabideak eskaintzea da, ikasleei emozioak kudeatzen laguntzeko eta zaurgarri senti daitezkeen egoerei aurre egiteko tresnak emateko, haien garapen pertsonala sustatuz. Bizitza osoan baliagarri izan dakizkien tresnak dira". Horregatik, irakasleek Isterriako profesionalen eskutik lehen prestakuntza saioa jaso zuten joan den ikasturtean, eta ikasturte honetan prestakuntzak segida izanen du Snoezelen zentzumen anitzeko esku-hartzean gaitzeko ikastaroaren bidez.
Epeka
Zuzendariak azaldu duenez, "proiektua pixkanaka garatuko da, hezkuntza etapa guztiak hartu arte. Eta ikuspegi hori ikasleen beharretara egokituta hezkuntza-jardunean txertatuz". Lehen pausoak Haur Hezkuntzan emango ditu, "ongizatea, esplorazioa eta zentzumen estimulazioa sustatzeko diseinatutako espazio berri baten bidez". Urizek azaldu duenez, "gelak elementu naturalak eta egurrezkoak, manipulaziorako eta zentzumen estimulaziorako materialak, psikomotrizitaterako baliabideak eta argiztapen egokitua izango ditu. Horretaz aparte, lasaitasuna eta erregulazio emozionala lantzeko gune bat ere izango du". Gaineratu duenez, "Haur Hezkuntzako ikasgela bakoitzean lasaitasun txokoak sortuko dira".
Aipatutako espazio berri hori egokitzeko eta lasaitasun txokoak martxan jartzeko, ikastetxeak Sakana Groupen dirulaguntza izango du. Enpresaren ekarpenari esker, proiektuaren lehen fasea gauzatzeko beharrezko baliabideak eskuratu ahal izango dituzte. "Proiektu hau babesteak eskualdearekiko dugun konpromisoa indartzen du. Gure eragina industriatik eta ekonomiatik harago zabaldu nahi dugu, belaunaldi berriei bultzada emateko, gizarte garapena sustatzeko eta gure inguruko pertsonendako aukera gehiago izango dituen etorkizuna eraikitzen laguntzeko", esan du Gorka Eceolazak, Sakana Groupeko Kontseilu Errektoreko presidenteak.
Eva Urizek, ikastetxeko zuzendariak, azpimarratu du "heztea zaintzea ere badela", eta lan ildo horren bidez, ikasleei eskola garaian eta bizitza osoan lagungarri izango zaizkien baliabideak eskaini nahi dizkietela.