Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak Velez Malagara bidaia egin zuen urriaren 31ko asteburuan, eta bertan Amigos de la Musica abesbatzarekin kontzertua eman zuten. Esperientzia "oso polita" izan zela esan du Puri Altzelai Altsasuko abesbatzako kideak, eta "txundituta" etorri zirela bertan bizitutakoarekin. Elkartrukea denez, Malagoak Sakanara etorriko dira; 2027ko udazkenean izanen dela aurreratu du abesbatzako kideak.
Ana Ramos Erkudengo Ama Abesbatzako kidea izandakoa izan zen elkartrukearen sustatzailea. "Hara bizitzera joan zen, Velez Malagara, eta bertako abesbatzan kantatzen hasi zen. Horrela izan zen". Elkartrukea egitea planteatu zuten, eta pentsatu eta egin. Elkartrukea Amigos de la Musica abesbatzarekin zenez, "basea" Velez Malaga herria izan zuten altsasuarrek. "Han egon ginen. Goiz batean Malaga hiriburua ezagutzera joan ginen; ikusi ahal izan genuen zer desberdin diren hiria eta herriak".
Kultura
Elkartrukea "oso polita" izan dela esan du Altzelaik: "Elkartrukea egingo genuela pentsatu genuen, hara joango gara eta gero haiek etorriko dira. Baina oso denbora gutxian hartu dugu harreman izugarria; horren ondo portatu dira gurekin, txundituta gaudela". Abesbatzen elkartrukea ez ezik, "garrantzitsuena" kultura elkatrukea izan dela esan du abeslariak: "Nolabait saiatu gara gure kultura transmititzen eta haiek berea transmititu digute. Herrian gauzak antolatu dituzte, ohiturak eta tradizioak ezagutu ditugu...".
Urriaren 31n bertan iritsi ziren Malagara, kontzertuaren egunean, eta iritsi bezain pronto bazkarian bildu ziren bertako abesbatzako hainbat kiderekin. Arratsaldean kontzertua prestatu zuten, "tokia ezagutzen egon ginen, komentu bat zen, eta akustika izugarria zen eta horretara ohitu behar ginen". Amigos de la Musica koruarekin ere entseatu zuten, izan ere, bi abesti elkarrekin egiten zuten: bat euskaraz eta bestea andaluziarrez. "Euskaraz abestu zuten, bai; hainbat kanta proposatu genien eta baiezkoa erantzun zuten". Errepertorioaren abesti gehienak ere euskaraz izan ziren, eta aurresku batekin hasi zuen emanaldia Altsasuko abesbatzak: "Eta Ana Imazek dantzatu zuen; jendea hunkitu zen. Ulertu zuten ohorezko zerbait zela".
"'Txoriak txori abestu, bat-batean aurrera begiratu, eta txalo zaparrada; polita izan zen"
Hurrengo egunean Malaga hiria ezagutzera joan ziren. Bisita gidatua egin zuten gidari batekin eta, "beti egiten ditugu horrelakoak, eremu zabal batean gelditu ziren eta Txoriak txori abestia kantatzen hasi ziren: "Bat-batean, aurrera begiratu, eta jendetza zegoena. Amaitzean, txalo zaparrada. Polita izan zen". Euskaraz, Malagan, eta harrera ona izan zutela esan du Altzelaik.
Bisitarekin jarraituz, "opari izugarria" egin zietela esan du abeslariak: "Velez Malaga herria oso handia da, eta ezagutzeko autobus turistiko horietako batean bisita oparitu ziguten, gidari batekin, oso atsegina, eta dendena azaldu zigun. Toki esanguratsuak ezagutu genituen... Oso polita izan zen".
"Guk animatzen genituen lehenbailehen etortzera, baina momentuz udara arte dena hartuta dute eta udazkenean hasiko dira Altsasurako bidaia pentsatzen". Jasotako harrerarekin "txundituta" jarraitzen dute, eta itzultzea espero dute.
Erkudengo Ama Abesbatza abenduaren 18an emanen duten Eguberrietako Kontzertua prestatzen ari da (20:00etan, Altsasuko elizan). Kontzertu berezia izango da Maria Luisa Gonzalez aurten zendutako abesbatzako kideari omenaldia egingo baitiote.