Hauteskunde orokorrak 2026

Podemosek "pertsonen zerbitzura dagoen" azpiegitura politika defendatu du

Guaixe

Podemoseko kideak Altsasuko Gure Etxea eraikinean azalpenak ematen. UTZITAKOA

Aldi berean, "Nafarroa eta bere herriak benetan egituratuko dituzten" trenbide inbertsioak eskatu ditu.

Podemos-Ahal Duguko Kongresurako hautagai Virginia Alonsok zalantzan jarri du "hamarkadetan milaka milioi euro bideratu izana abiadura handiko lineak eraikitzera, inbertsio horrek herri eta lurraldeen arteko lotura hobea ekarri gabe. 1992tik, Espainiako abiadura handiko sarean egindako inbertsioa 65.000 milioi eurotik gorakoa da".

Alonsok adierazi duenez, "arazoa ez da trenbidean inbertitzea, baizik eta inbertsio hori zertan inbertitzen den eta norendako den onuragarria erabakitzea. Abiadura handiko azpiegitura handiak, lurraldeak zeharkatzen dituzten trazadurak dituztenak eta ingurumenean eta paisaian kalte handiak eragiten dituztenak, ezin dira lehentasun bihurtu eguneroko mugikortasun premiei, herrien arteko loturei eta ohiko trenbide-garraioari jaramonik egin gabe".

Formazio moreko hautagaiak nabarmendu duenez, "Sakanan, garraio eta energia azpiegitura garrantzitsuak dituen ibarrean, proiektu berrien lurralde eraginari buruzko eztabaida bereziki garrantzitsua da. Jarduketa horietako baten ingurumen dokumentazioak onartzen du korridorea oztopo bat dela konektibitate ekologikorako, eta ohartarazten du instalazio berriek hesi efektu hori areagotu dezaketela tarte jakin batzuetan", nabarmendu du.

Bestetik, Alonsok zalantzan jarri du "enpresa eraikitzaile eta emakidadun gutxitan kontratu handiak biltzen dituen inbertsio publikoaren eredua, eguneroko mugikortasun beharrek merezi duten lekua betetzen ez duten bitartean".

Alonsok azpiegitura politika bat defendatu du, "pertsonen zerbitzura egongo dena: ohiko trenak hobetzea, maiztasun eta lotura erabilgarriak bermatzea, herri eta hirien arteko joan-etorriak erraztea eta inbertsioek lurralde kohesioari lagunduko diotela ziurtatzea, lurraldeen arteko desberdintasunetan sakondu beharrean". 

Azkenik, "azpiegiturek batzeko balio behar dute, ez isolatzeko; jendearen bizitza hobetzeko, ez diru publikoa kontratista handientzako negozio-aukera bihurtzeko", aldarrikatu du.