Itaiak Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! lelopean mobilizatzera deitu du.
2025etik zerbait aldatu da?
Errealitateari begira, ezer gutxi aldatu da. Oraindik, indarkeria matxista etengabekoa da eta bortitzago kolpatzen gaitu: sexu erasoak, jazarpenak, bortxaketak, irudi sexualizatuak foroetan, erailketak. Gure kontrako diskurtsoak eta erasoen normalizazioa sustatzen ari da eta agintean dauden alderdiak indarkeria kudeatzera mugatu dira, baliabide urriagorekin eta gure babesa bermatu gabe: urruntze aginduen urraketa, 016a gainezka dago…
A11n greba orokorrera dei egin zenuten, zergatik?
Etxebizitzaren arazoak eta indarkeria matxistak uste baino lotura handiagoa dute. Emakume langileok zailtasunak ditugu etxebizitza sarbiderako, bizi baldintza kaxkarren ondorioz. Hala, etxebizitza kontrolerako, zaurgarritasun ekonomikoa areagotzeko eta indarkeria matxista gauzatzeko espazioa bilakatu da. Senar erasotzailearengandik at bizia eraiki nahi duten emakumeek aterperik gabe ikusten dute euren burua. Etxeek babesleku izan beharko lukete, eta ez indarkeriaren gotorleku.
Kontrako ahotsak ozen entzuten dira.
Sare sozialak emakumeon iruditeri zapaltzailean oinarritutako edukiz beteta daude. Arazoak sinplifikatu, gezurrez josi eta ideia matxista eta erreakzionarioak zabaltzen dira. Influencer misoginoek emakume tradizionalak izan behar garela edo gizonek diskriminazioa jasaten dutela diote. Eztabaida dagoeneko gaindituta egon beharko luketen gaietara bueltatu behar dugu benetan?
Indarkeria matxistari nola aurre egin?
Biolentziaren kudeaketa hutsa ez da aterabidea guretzat. Gaurdanik, zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialista bat eraikitzen jarraitu behar dugu. Norabide horretan, eraso matxisten kontrako posizioa sozialki hedatu eta emakumeon babesa bermatu behar dugu, hala nola, kalitatezko etxebizitza edota laguntza profesionala, adibidez, psikologia zerbitzua.
25ean kalera, zertarako?
Kale mailako antolakuntza eta mobilizazioa indartu nahi ditugu, diskurtso faxista eta matxistei aurre egiteko eta indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan egoteko. 25eko mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu: 19:00etan Lakuntzan eta 20:00etan Altsasun.