Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunaren harira Sakanako Mugimendu Feministako kideek "memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen dugu; oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako" azaldu dute, eta azken urtean Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak gogora dituzte: Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Haien senide eta lagunei "besarkada bero bana" bidali diete eta adierazi nahi izan diete ez zaudete bakarrik, "ez dugu gertatutakoa ahaztuko". Horregatik, Sakanako Mugimendu Feministako kideek "Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak abenduaren 11n herriz-herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketa erraldoia sustatzeko eta indartzeko deia" egin dute. "Indarkeria matxistari aurre egiteko pauso bat gehiago izan dadila, instituzioei ardura har dezaten exijitzearekin batera".
Bestalde, feminista sakandarrak "munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume* eta sexu-genero disidente guztiak" gogoan izan dituzte. Bereziki, Palestinakoak eta genozidioa bukatzeko eskatu dute.
Kalera
Azaroaren 25ean, asteazkenean, manifestazioa deitu dute, baita ibarreko herrietan kontzentrazioak eginen dituzte ere, Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurrean, feminismoa! lelopean aukeratu du. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da, Altsasuko Foru plazatik.
Feministek aitortu dutenez, "ez dira garai errazak. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta, beraz, indarkeriak betikotzeko. Gorputzetan nahiz lurraldeetan". Azaldu dutenez, "aspalditik esaten ari gara hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da gauzatzen faxismoak, eskuin muturrak eta eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezken jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez".
Mugimenduko kideak ziurtatu dutenez, "ez dugu feminismoaren instrumentalizazioa onartuko gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko". Gaineratu dutenez, "ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko". Horren guztiaren aurrean, "justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko" dutela gaineratu dute.
Sakanako Mugimendu Feministako kideek azaldu dutenez, "feministok kaleak hartzen jarraitzen dugu. Azaroaren 5ean, Ipar Euskal Herrian, greba eguna izan genuen bizitzaren garestitzearen kontra, Hego Euskal Herrian, azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde hartu genituen eta azaroaren 25ean, Euskal Herri osoan indarkeria matxistaren aurka hartuko ditugu. Ez ginelako atzera egiteko jaio". Gaztigatu dutenez, "etor daitekeenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean".
Aldi berean, mugimendu feministako kideek "aliantzak egiteko garaia da, antolatzekoa" dela ziurtatu dute. Haien iritziz horretarako "askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Ez gara etxean geratuko". Ziurtatu dutenez, "Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok geroz eta indar gehiago batzen ari gara, eta berriro diogu: ez ginen atzera egiteko jaio!"
Horregatik, "indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin bukatzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen kontra antolatuko gara, anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka antolatuko gara. Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriak gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu".