Astekaria

Altsasuko tren lokomotora enkante bidez salduko dute

Alfredo Alvaro Igoa

Salgai dagoen lokomotora.

Turismo bulego gisa bete behar zuen funtzioa ez du betetzen

Altsasuko Baratzeko bide plazan dagoen tren lokomotora enkante bidez saldu nahi du Sakanako Mankomunitateak. Aitor Larraza Carrera presidenteak azaldu duenez, "turismo bulego gisa erabiltzeko jarri zen lokomotora, baina denborak erakutsi zuen Altsasuko bulegotik oso turista gutxi pasatzen zirela. Gainera, Nafarroako Gobernuak turismo informazioa bere bulegoetara bideratu du. Horretaz aparte, Turismo Helmuga Jasangarrirako Planen baitan GoiNafarroa marka sortu da eta beste lanketa mota bat egiten ari da". Larrazak gaineratu duenez, iraganean segurtasun arazoak izan dituzte lokomotoran, sute txiki bat, esaterako. Lokomotora jarri zenean, Mank-eko zerbitzuak deszentralizatzeko eta tramite batzuk han egiteko aukera ere aipatu zen. Baina administrazio elektronikoaren garapenarekin horrek ere zentzua galdu duela uste dute Mank-eko arduradunek. 

Beraz, Altsasuko Udalarekin adostuta, lokomotora kentzea erabaki zuten. Hura eskuratzeko eskaintza egin nahi duenak gutxienez 2.000 euro (%21eko BEZ kanpo) eskaini beharko ditu. Erosleak egiten dituen eskaintzan, besteak beste, garraio gastuak ere sartu beharko ditu, 20.000 euro inguru izan daitezke. Eskaintzak abenduaren 2ra arte egin daitezke.

Tren makinaz
60. hamarkadako Mitshubisi etxeko 279 modeloko 7.903 tren makina lokomotora 2007 urtean erosi zuen Mank-ek Altsasuren "erakargarritasun turistikoa" handitzeko asmoz. Topeen arteko luzera 17, 27 metrokoa da, eta zabalera 3,68 metrokoa. Renferen Zaragozako Enajenación de Material Ferroviario SAko biltegitik Sunsundeguira 2009ko martxoaren 13an iritsi zen. 80 tonako pisua zuen eta erabat hondatuta zegoen. Sunsundeguin turismo bulegoa gisa egokitu zuten. Horretarako erdialdea hustu zuten, baina gidarien bi kabinak, motor alternadorea eta haizegailuak mantendu zituzten. Gainera, mugikortasun gutxiko pertsonendako komuna ere jarri zen. Barruko aldean 40 metro karratuko espazioa dago gaur egun. 

Lokomotora gaur egun jartzeko lanak 2010eko martxoaren 29an hasi ziren eta errailen gainean apirilaren 9an jarri zuten. Ondoren argindarra jarri, sarrerako arranpa egin eta beste egokitzapen lan batzuk egin behar izan ziren. Bulegoa Juan Ramon Corpas kontseilariak 2010eko agorrilaren 11n mustu zuen. Makina jartzeak 130.000 euroko aurrekontua izan zuen eta Cederna-Garalurren bidez 78.000 euroko (%60) dirulaguntza jaso zuen Mank-ek. Laguntza Nafarroa Mendia Turismo Helmugaren Kalitate Planaren barruan zegoen. 

Turismo bulego gisa azkenik 2018ko garila eta iraila artean erabili zen. Baina erabilera gehiago izan ditu. Esaterako, Altsasun hirugarren edukiontziaren ezarpena egin zen 2018an eta materia organikoa etxean banatzeko kit-ak han banatu zituen Mank-ek.

Altsasura tren lokomotora bat ekartzeko asmoa aspaldikoa zen. Jose Ignacio Palacios Zuasti kontseilariak hitz eman zuen Altsasura lokomotora bat ekarriko zuela 1995ean herrian bertan egindako bilkura batean.