Astekaria

Haritzaren eta baobabaren itzalean

Guaixe

Cheikh Mbacke Lo, aurrean, parte hartu zuten txalapartari, aurkezle eta djembelariarekin. 

Cheikh Mbacke Lok 'Yakaar. Cartografía de la esperanza' liburuaren aurkezpena egin zuen, azaroaren 13an, Altsasuko Iortia kultur gunean. Aurkezpen bat baino gehiago izan zen

Txalapartaren doinuak hasiera eman zion Cheikh Mabcke Mbacke senegaldar-altsasuarrak antolatutako Yakaar. Cartografía de la esperanza liburuaren aurkezpenari. Aurkezpen bat baino gehiago zen; kulturartekotasun emanaldi bat. Hortaz, haren istorioaren bidez, bi kulturen arteko Mbacketura egin zuen.  


Txalaparta eta haritza, oraina irudikatzeko.

Izaskun Etxeberria Zufiaurre altsasuarrak gidatu zuen emanaldia. Txalapartarekin batera, haritza baten irudia agertu zen oholtzan, eta zuhaitzaren azpian eseri ziren Mbacke eta Etxeberria. Lehenengo tartean Altsasuko bizitzari buruz hitz egin zuen Mbackek, Etxeberriaren galderei erantzunez. Hasierak gogorrak baziren ere, orain Altsasu bere bigarren etxea balitz bezala sentitzen duela esan zuen senegaldarrak. 

Migrante bat ezagutzean nongoa den galdetu beharrean nola dagoen galdetu behar dela esan zuen, "ez galdetu nondik datorren, galdetu: zer moduz zaude? Denak pertsonak gara". Txan apaiza bezalakoa dela esan zuen, jende guztia agurtzen duela, publikoaren barreak eraginez: "Txan beti doa, Kaixo, kaixo, zer moduz? Eta nik berdin egiten dut". Afrikara bidaia sinbolikoa egin aurretik, bere ingurukoak "ez etortzera" gonbidatzen dituela esan du: "Nahiago dut bertan gelditzea eta bertan lan egin eta borrokatzea". 

Djembe hotsekin baobab baten irudia agertu zen eszenatokian, eta haren pean eseri ziren Etxeberria eta Mbacke. Afrikara bidaiatu zuten, "zure etxera", Etxeberriak esan bezala. Hamabost urte zituenean sortu zitzaion Mbackeri Europara joateko nahia. Yakaar. Cartografía de la esperanza liburuan kontatzen duen bezala, Senegali buruzko bizitzari buruz aritu zen, baita Europarako bidaiaren laburpena egin zuen ere. "Berriz egingo zenuke?", galdetu zion Etxeberriak. "Momentu horretan, Marokon, ezin nuen atzera egin. Ez naiz damutzen, baina ez nuke berriz egingo", erantzun zion Mbackek. 


Baobab eta djembelaria, Afrikako garaiak irudikatzeko.

Fusioa
Altsasuko eta Afrikako bizipenei buruz hitz egin ondoren, Mbackeren hausnarketa iritsi zen. Bakarrik, eszenatokiaren erdian, galdera bat bota zuen: "Zer egiten du gizakiak ezin duela esaten diotenean? Hiru istorio kontatu zituen: Esklabotza Nderko emakumeen istorioaren bidez, Euskal Herriko zapalkuntza eta munduko injustiziak. Hausnarketaren ondoren publikoaren galderak erantzun zituen. 

Emanaldia amaitzeko Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako Sua taldeak afrikar doinuekin egindako dantza garaikide-fusioko koreografia dantzatu zuen. Ondoren, Mbacke atera zen eta aurkezpenean parte hartu zutenei eskerrak eman ondoren, Txoriak txori abestu zuen, publikoaren laguntzarekin. 


Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako Sua taldea.