Futbola

Altsasuk irabazten jarraitzen du

Guaixe

Jubenil-kadete mailako bederatzigarren jardunaldian garaipena lortu zuten sakandarrek.

Emakumezkoen jubenil-kadete mailan bederatzigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Ademar izan zuen aurkari Maristen egoitzan eta bi taldeek oso partida borrokatua jokatu zuten. Atsedenaldira joan baino lehen Ekiñe Karasatorrek Altsasu aurreratu zuen (0-1) eta sakandarrak sentsazio bikainekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatian lehiak estu jarraitu zuen. Enara Ozoriak altsasuarren bigarren gola sartu zuen 76. minutuan eta partida erabakita utzi zuen (0-2). 

Izarra da jubenil-kadete mailako liderra (19 puntu). Sailkapena oso estu dago, Altsasu laugarren baita, 18 punturekin. Orain arte Altsasuk jokatutako zazpi partidetatik sei irabazi eta bakarra galdu du. Hamargarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean bigarren eta arerio zuzena den Baztan B hartuko du Dantzalekun azaroaren 28an (12:00).