Eguberritan ere familia bizitza eta lana bateragarri egiteko programa

Guaixe

Tirolinan jolasten. ARTXIBOA

Udalak Txantxari ludotekaren bidez egin du eskaintza. Plazak mugatuak dira.

Altsasuko Udalak, Txantxari ludotekaren bidez, eguberritako Aisiaz Blai programa prestatu du.  Haren helburua da ikastetxeen neguko oporraldian familia bizitza eta lana bateratzeko garaian gurasoek erraztasunak izatea. Izan ere, neguko oporretan haurrak klaserik ez dutenez, zenbait etxetan familia ardurak eta lana uztartzeko zailtasunak izaten dira. Horren jakitun, Txantxari udal ludotekak kontziliazioa errazteko Aisiaz Blai programa eskainiko du neguko oporretan: abenduaren 23, 24, 28, 29, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 4, 5, 7eta 8an. 3 eta 12 urte arteko haurrek (2014 eta 2023 artean jaioak) ludotekan 08:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute. Ordutegi hori beteko ez balitz, bigarren aukera 11:00etatik 13:30era izanen litzateke.

Aisiaz blai programan izena emateko epea abenduaren 2ra arte zabalik dago. Horretarako, doako 948 012 012 telefonora hots egin behar da 08:00etatik 18:00ak bitartean, edo altsasu.eus web orriko galdetegia bete. Matrikulari dagokionez, familien diru sarreren, errenta aitorpenaren arabera hamaika prezioko taula osatu du udalak. Gainera, zenbait familiari hobariak eskuratzeko aukera emanez. Argibideak nahi dituenak Txantxari udal ludotekan jasoko ditu, 948 467 471 telefonora hots eginez edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidera idatziz.