Talleres Lanteguik automatizazioaren eta trantsizio bikoitzaren alde egin du

Guaixe

Langileak eta kontseilaria enpresaren atean. NAFARROAKO GOBERNUA

Enpresak inbertsio handiak egin ditu bere ekoizpen prozesuak modernizatzeko eta automatizatzeko, Nafarroako Gobernuak enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeko ematen dituen laguntzen laguntzarekin.

Berriki Mikel Irujo Amezaga Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak Talleres Lantegui bisitatu du. Altsasuko enpresa piezen mekanizazioan, trokelaketan, matrizegintzan eta tresna industrialen fabrikazioan espezializatua. Jose Mari Albistur enpresako arduradunak bezero bakoitzaren beharren arabera neurrira egindako fabrikazio soluzioak azaldu zizkion Irujori. Horretaz aparte, konpainiaren bilakaeraren eta trantsizio ekologiko eta digital bikoitzean aurrera egiteko etorkizuneko planen berri ere jaso zuen kontseilariak.

Irujok nabarmendu zuenez, "oso garrantzitsua dela enpresa handiak eta txikiak trantsizio bikoitzera egokitzea, merkatuan jarraitzeko, lehiakorragoak izateko, balioa gehitzeko eta lurraldearen aberastasunari laguntzeko".

Enpresaz
Talleres Lantegui mikroenpresa 1987an sortu zen eta bigarren belaunaldiak kudeatzen du. Eskatutako piezak aleka edo serie laburren doitasun handiko mekanizazio-zerbitzuak egiten ditu. Baita erremintak eta prototipoak ere. Gaur egun, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioan kualifikatutako bost profesionalez osatutako lantaldea du. Enpresaren eskaintzaren bereizgarria da zerbitzu malgua bermatzea, proiektu espezifiko bakoitzari egokitua, kalitate eta zehaztasun estandar handiko neurrirako konponbideak eskainiz.

Lantegui enpresa azpikontratista da, balio erantsi handiko multzo mekanikoak fabrikatuz beste konpainia batzuen industria prozesuetan parte hartzen duena. Altsasuko enpresan funtsezkotzat jotzen dute teknologia berriak etengabe sartzea, lehiakortasuna hobetzeko eta 4.0 Industria eredu baterantz aurrera egiteko.

Inbertsioak ekipamenduan
Enpresak inbertsio handiak egin ditu ekipamenduan. 2021ean, bost ardatzeko Mazak markako mekanizazio zentroa jarri zuen. Talleres Lanteguik bere ekoizpenaren automatizazioan beste pauso bat eman zuen 2025ean Erowa Easy robot bat erosita. Bi inbertsio horiek Nafarroako Gobernuaren enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeko laguntzekin egin zituzten. 

Modernizazio teknologikoaren aldeko apustua bere jardueraren ingurumen-inpaktua murriztera bideratutako neurriekin osatzen da. 2024an enpresak instalazio fotovoltaiko bat jarri zuen martxan, 45,52 tona CO2 isurtzea saihesteko. Gainera, 2025ean bere energia kontsumoaren %36,32 instalazioak berak sortutako eguzki-energiatik etorri zen.

Norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko asmoz, Talleres Lanteguik Deskarbonizazio Plan bat eta Auditoria Energetiko bat egin ditu 2026an, hobekuntza neurri berriak identifikatzeko eta Sakanan bere jarduera industrialaren ingurumen aztarna murrizteko oinarri izango direnak.

Jarduera horiek islatzen dute enpresak bere instalazioen modernizazioarekin, eraginkortasun energetikoarekin eta lehiakortasunaren hobekuntzarekin duen konpromisoa. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren babesa izan du, hainbat laguntza-tresnaren bidez, hala nola enpresa txiki eta ertaineen inbertsiorako laguntzak, ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuak eta Nafarroako Nazioarteko Planeko ekintzak.