LAB sindikatuak Altsasuko Isidoro Melero kalean zuen egoitza utzi eta berri San Joan kalearen 34. zenbakian zabaldu du. Haren mustutzea azaroaren 28an, larunbata, 13:00etan eginen da. Herritarrek eta afiliazioak egoitza berria ezagutzeko aukera izanen dute. LABeko Mendialdeko arduradun Gaizka Uharte Baldak azaldu duenez, "LABek duen eskaintza sozio sindikalak langileen lan baldintzak hobetzeko ez ezik bizi baldintzak hobetzea du helburu".
Uhartek azaldu duenez, "bide hau egitea eta honaino iristea ez da erraza izan, LAB sindikatua eskualdean egon diren borroka guztietan egon da, 2012an egindako eskualde mailako greba orokorrean aintzindari izan zen, INASA bezalako enpresatan enpleguaren defentsan bakarrik geratu ginen, eskualde mailako enpresa nagusietan hitzarmen duinak lortu ditugu, zerbitzu publikoen alde borrokatu dugu, prekarietatea salatu dugu, pentsionistak antolatu ditugu, pertsona migratuak, maizterrak eta gazteak antolatzen ari gara…" Uhartek gaineratu duenez, "a urrera begira ere bide horretan jarraituko dugu eta mendialdea eskualdeko herritarrek, bereziki sakandarrek, gune berri bat izango dute borroka hauek guztiak indarrez bultzatzen jarraitzeko".
Datuak
LABen Mendialdea eskualdeak Baztan-Bidasoa, Larraun, Leitza, Araitz eta Sakana hartzen ditu. Uhartek azaldu duenez, "hauteskunde sindikalen arabera, Mendialdean lehen indarra izatera iritsi gara. Datuek erakusten dute LAB sindikatua eskualdeko langileen erreferente nagusia bilakatu da eta tamaina horri dagokion eskaintza eman nahi dugu". Azaldu duenez, Mendialdean delegatu kopuru eta ordezkaritza handiena du LABek, 146 delegatu eta %43,45ko ordezkaritza. Atzetik daude ELA 112 eta %33,33, UGT 31 eta %9,22 eta CCOO 30 eta %8,92.
Sakanako langileen ordezkaritzan ere lehena da LAB, 82 delegatu eta ordezkaritzaren %44,81arekin. Atzetik ditu ELA 53 eta %28,96, UGT 23 eta %12,57 eta CCOO 18 eta %9,84.