Urtero moduan Arakilgo Urbaran Euskara Taldeak txikienei zuzendutako Udan euskaraz! kanpaina antolatu du, Sakanako Mankomunitatearen eta Arakilgo Udalaren laguntzaz. Agorrilaren batarekin batera hasiko dira tailerrak eta hilaren 27ra arte luzatuko da. Izena eman nahi duten 10 urte arteko arakildarrek 35 euro ordaindu behar dituzte eta 10 urtetik gorakoek 40. Arakilen erroldatuta ez dauden haurrek 10 euro gehiago pagatu beharko dituzte. Izena emateko 686 830 937 (Nerea) edo 660 953 273 (Idoia) telefonoetara deitu behar da. Iaz 48 izan ziren Urbaranen deialdiari erantzun zioten haurrek.
Adinaren arabera banatutako lau talde osatuko dira: 3 eta 6 urte bitartekoa; 6-8 urte; 8-9 urte eta 10 eta 13 urte artekoak. Talde bakoitzarekin astean bitan, 3 orduz, izaten dira. Txikienekin jokoak, eskulanak eta bestelakoak eginen dituzte. Koxkortutakoekin, gainera, Donostia edo Gasteizera txangoak eginen dituzte. Haur guztiak aurreneko egunetan Hiriberrin bilduko dira, baina tailerrak aurrera egin ahala Urbaranek herriz herri eramango ditu haurrak. Guztiaren ardura 7 begiralek izanen dute.
Udan euskarazi bukaera emateko, ezin falta ohiko bukaerako ekitaldia. Agorrilaren 27an izanen da Hiriberriko squashean. Gurasoei zuzendutako emankizun horretan haurrek antzeztu edo dantzatzeaz gain, haiek egindako eskulanen erakusketa egingo da.
Etxebizitzak mustu dituzte Egiarretan
Badira 3 aste Egiarreta herri sarreran, ezkerretara, eraiki diren etxebizitza adosatuetan jendean bizitzen hasi dela. Promociones Itsasperrik sustatu ditu bizitza horiek.