Udalaren ustez Oskiako harrobiaren errestaurazio plana "ezkutuko ustiapen plana" da

Guaixe 2008ko maiatzaren 20a

Arakilgo Udalak enpresak aurkeztutako errestaurazio plana "baliorik gabe" uztea eskatu du. Udalarendako errestaurazio plana baino "ezkutuko ustiapen plana" da enpresak aurkeztu duena. Udalak aurkeztutako alegazioan dio enpresak aurkeztutako errestaurazio plana "aurretik aurkeztutako handitze planaren oinordekoa" dela eta aurkeztutako dokumentazioan ezer gutxi aldatu dela. Udalak, aldi berean, handitze planak 2003an ingurumen deklarazio negatiboa jaso zuela gogora ekarri du. Ustezko gabeziakArakilgo Udalaren iritziz enpresa ustiatzaileak aurkeztutako planak hainbat gabezia ditu: "errestaurazio alternatiba bakarra aurkezten du soilik; inpaktuen balorazioa ez da zuzena; Bizkai mendiko ipar magaleko artadiaren egoera ez du aipatzen; begi-inpaktuaren baloraziorik ez dago; neurri zuzentzaileak garatzeko prezioak eta haiek aldi berean ez garatzea edota neurri horiek hartzeko lurjabeen baimenik ez izatea, besteak beste". Enpresak berak bere planaren aurkezpenean adierazi omen du aurreko errestaurazio plana ezin dela egin, udalek jarritako mugak gainditu direlako. Arakilgo Udalak bere alegazioan dio, plan berriak, "baimenik ez duen inguru bati eragiten" diola. Udalak aurreratu du ez duela baimenik emanen, "are gutxiago bidegabekeria horrekin". Aldi berean, Bizkai mendiaren ipar magalean bideak zabaltzeko baimena emateari uko eginen diola aurreratu du Arakilgo Udalak. Aldi berean, "pilatutako materiala eta azpiegiturak desagertzea" eskatu du udalak. ItxieraAtondoko dermioan dagoen harrobiaren zatia itxi zuen Foruzaingoak hilaren 12an. Atondoko Kontzejuak hala eskatuta jokatu zuen Foruzaingoak, otsailaz geroztik kontzenjuak egindako abisuei enpresak ez baitzien jaramonik egin. Atondoko Kontzejuaren aldeko epai bat betearazi da modu horretan. Atondoko Kontzejutik jakinarazi digutenez, "ez dugu beste errestaurazio planik nahi, aurretik haien plana ez baitzuten errespetatu eta behar baino gehiago atera zutelako". Kontzejuko kideen dustez errestauratzeko modu bakarra "hondakin solidoekin betetzea da errestauratzeko" bide bakarra. Guaixe enpresarekin harremanetan jarri da baina kudeatzailea kanpoan zen eta ez du adierazpenik lortu.