Zein da zure elkartean euskararen egoera?

Guaixe 2008ko urtarrilaren 23a

Oraingo honetan Kontseiluak "norbanakoen eskutik elkarteetan" eragin nahi du, haien bazkide eta kideek "euskararen alde" egin dezaten. Horretarako Kontseiluak test bat prestatu eta banatu du norbanakoak bere elkartean euskararen egoera zein den azter dezan. Horrekin batera, hainbat elkartetan ere kanpainaren inguruko informazioa jasoko dute, elkarteen kideei parte hartzeko gonbitarekin. Hori guztia Kontseiluak nahi duelako "nork bere elkartean euskararen presentzia bermatzeko proposamenak egitea". Kontseiluarendako "kartelak, kontuak egiteko liburuxkak, oharrak, bazkideentzako gutunak... hainbat elementu euskaratu daitezke elkarte batean". Informazio guztia www.kontseilua.org orrian dago. Azken bi urteetan euskararekin lotura zuzena duten gai jakinen gainean konpromisoak hartzeko deia egin du Kontseiluak, helburu argiarekin: "hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa lortzeko nork bere konpromisoa beste batzuen konpromisoarekin batzea, horrela, guztien indarrak baturik euskararen normalizazioaren aldeko olatuak eraginez".