Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur mustuko du Alberto Ongaik profesional maila. Eta ezin hasiera hobea prestatu satrustegiarrarendako. Pilotari gazteak etxetik gertu jokatuko du bere lehen neurketa handia, Irurtzunen. Eta debuta behar bezala ospatzeko, Sakanako pilotari handiak izanen ditu ondoan, Oskar Lasa atzelaria lagun, eta Capellan eta Zubieta aurkari. Satrustegiarra gero eta urduriago dagoela onartzen du. Debutak ikusmira handia sortu du, are gehiago, etxean debutatuko duelako: "9 urtetatik Irurtzunen entrenatzen dut. Ostiralean, bertan izanen ditut animatzen 40 lagun baino gehiago" .Satrustegiarrarena Bi Aizpe pilotalekuan, 22:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidua izanen da. Aurretik, Promozioko Bikoteen BBK Txapelketako final-laurdenetako partidua hartuko du Irurtzungo frontoiak, Arretxe II.a-Eskudero eta Berasaluze IX.a-Urberuagaren arteko neurketa, hain zuzen.