Arakilgo udaletxeaz hitz egiteko bilera eskatu dute udalek

Guaixe 2008ko apirilaren 22a

Irurtzun eta Arakil ondasunen banaketa aztertzeko hainbat bilera egin dituzte. Baina, arakildarrek Nafarroako Gobernuari txosten bat eskatu zioten eta, aldi berean, udaletxe berriak udalerria jaso ahal izateko diru laguntza eskatu zuten. Toki Administrazio Departamentutik erantzuna jaso berri dute Arakilgo Udalean: udal azpiegituren lau urteko diru laguntzen planerako eskaera aurkez dezala. Erantzuna "harriduraz" hartu dute Arakilgo Udalean eta ez ados. Udaletxe berri bat eraikitzea baina lehentasun handiagoak baitituzte ibarrean. Gainera, aurretik egindako inbertsioak eta aurreikusiak dituztenak, esaterako, Izurdiagako sareen berritzearen bigarren zatia, nahikoa ahalegin ekonomiko eskatzen diote Arakilgo Udalari. Udaleko ordezkariak prest daude Etxarrenen lur sail bat uzteko, baina eraikinaren kostua 0 eurokoa izatea aldarrikatzen dute.Hori dela eta, Irurtzungo Udalarekin batera, bilera urgentea eskatu dute Toki Administrazioko Departamentuko zuzendari nagusi Pedro Pegenauterekin. Irurtzungo Udalak, bestalde, arakildarren jarrera ulertzen du. Baina Irurtzun ere interesatua dago konponbidean. Izan ere, Arakilgo Udalak beste egoitza batera aldatuko balitz, Irurtzungo udalak espazio hura bere beste zerbitzu batzuetarako bideratuko luke.