Santiago Pesquera eta Gorka Santesteban Pekinera

Guaixe 2008ko ekainaren 18a

Gero eta gertuago ditugu Pekingo Joko Olinpiarrak eta Joko Olinpiar Egokituak eta, geldi-geldi, argitzen ari dira herrialde ezberdinen ordezkariak. Joan zen asteburuan Espainiako Txapelketa jokatu ondoren, aste honetan jakin dugu Santi Pesquerak Pekinerako txartela lortu duela. Botxako BC3 modalitatean arituko da. Jokalari iruindarrak Etxarrengo Gorka Santesteban izan ohi du ondoan. Lau urte eginen dituzte elkarrekin lanean eta hasiera-hasieratik Joko Olinpiko Egokituak izan dituzte buruan. Ez da hau entrenatzaile eta laguntzaile lanetan duen lehen sakandarra, lehenago ere Etxarriko Patxi Urrestarazurekin aritua baita. Espainiako Txapelketan, binaka txapeldunLan bikaina egin zuen Santiago Pesquerak asteburuan, Lleidan jokatu zen Botxako Espainiako Txapelketan. Binakako txapelduna izan zen Yolanda Martin gipuzkoarrarekin batera. Ez zuen horrelako zorterik eduki banakakoan eta kanpoan geratu zen final-laurdenetan. Hala ere, erakutsitako mailagatik jokoetarako tokia lortu du modalitate honetan ere. Abuztura arte, lanez lepoDagoeneko lan eta lan dabiltza Santi Pesquera eta Gorka Santesteban, Joko Olinpiar Egokituetara maila gorenean iristeko. Abuztuaren 28an hartuko dute Pekinerako bidea. Bi hilabete dituzte tartean eta egutegia lanez lepo dute. Lan horiei behar bezala aurre egin ahal izateko, lanean eszedentzia hartu dute kirolariak eta entrenatzaileak eta buru-belarri zentratu dira prestaketetan. Batzorde Olinpikoak emandako beka dute horretarako. "Astelehenetik ostiralera goizero entrenatzen dugu orain, 8:30etik 14:00etara" jakinarazi digu Gorkak. Botxalariak fisio eta hidroterapia saioekin osatzen du prestaketa.Joko Olinpikoen aurretik bi kontzentrazio dituzte Espainiako selekzioarekin: Uztailaren 14tik 21era Valentzian egonen dira, kirol teknifikazio zentroan; eta, olinpiada bezperan, abuztuaren 10etik 17ra, San Cugatera joanen dira, Bartzelonara. Tartean, gainera, uztailaren 24tik 28ra, Wiganeko (Ingalaterran) Nazioarteko Openean parte hartuko dute. Beraz, ez dute atseden handirik edukiko uda honetan. Laugarren olinpiadan hasierako ilusio beraDuela hiru urte hasi zen Gorka Santesteban Santi Pesquera entrenatzen, Patxi Urrestarazu etxarriarraren tokia hartuta. Hasiera-hasieratik 2008ko Joko Olinpiarrak zituzten buruan eta pozik daude lortu dituzten emaitzekin. Hala ere, Etxarrengoak azpimarratu nahi du tartean ere emaitza bikainak lortu dituela Pesquerak. "Atenaseko jokoen ondoren bi mundial eta Europako txapelketan egon da Santi. Pena da prentsan Joko Olinpiar Egokitutara doanean bakarrik agertzea" adierazten du. Laugarren Joko Olinpiarra da aurtengo hau Santi Pesquerarendako. Hala ere, ilusio ikaragarria du, "lehenengoko berdina" jakinarazi digu Gorkak. Izan ere, botxalari handiak hori du lanerako modua "ez du gustuko ilusiorik gabeko lana eta hori argi geratzen da edozein entrenamendu edo konpetiziotan. Duen guztia ematen du beti" dio Gorkak. Ziur Pekingo jokoetan ere horrela eginen duela.