Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Izan ere, aurtengo Arakilgo Egunaren berritasunetako bat da bezperan ere izanen dela zer ospatu. Gaurko ospakizunak Izurdiagak hartuko ditu. 20:00etan txalaparta eta trikitixa doinuak izanen dira festari hasiera emateko. 22:00etan mahairen bueltan 50 bat pertsona eseriko dira, afaltzera. Tripa bete ondoren, gaupasa izanen da, disko mobilarekin, gauerditik 4:30era. Egun handiaOstiraleko ospakizunak Egiarretako Itsasperri ermitan abiatuko dira, eguerdian. Arakildarrak ibarreko patroiaren ohorezko mezan bilduko dira. Elizkizunean Arakilgo abesbatzak parte hartuko du. Meza bukatu ondoren, ibarreko pertsonak omentzeko aukera baliatuko da. Omenaldi hori Orritz dantza taldearen eta Uharte Arakilgo erraldoien dantzekin edertuko da. Omenaldiarenak egin eta gero, otamena izanen da Itxasperrin. Egiarretako ermita erromanikoak bilgune izatearen lekukoa Izurdiagari pasako dio. 13:45ean jota eta bolero doinuekin hartuko dituzte hara biltzen diren arakildarrak. Musikarekin gozatu eta gero, herri bazkaria izanen da. 200 pertsonek eman dute izena. Mahaian daudela baliatuta mus eta briska txapelketa azkarrak jokatuko dira. Txikienek mahaian etsiko ez dutenez, haiendako puzgarriak izanen dira. Arakilgo eguna 20:00etan despedituko da, txapelketen sari banaketarekin.