Gol sorta ederra jaso zuten talde sakandarrek

Guaixe 2008ko urriaren 21a

Elomendiko futbol txapelketan bosgarren jardunaldia jokatu zen asteburuan, ahazteko modukoa bertan lehiatzen ari diren talde sakandarrendako. Izan ere, Izurdiagako Rajatablari 6 gol sartu zizkion Santa Cruzek eta bakarra sakandarrek. 1-6 galdu zuen Rajatablak, gol sorta ederra jasoz. Arakilgo Zalduak ez zuen egun hobea izan eta 2-0 galdu zuen Gazte Berriak taldearen kontra. Galera horrek eragin nabaria izan du sailkapenean, bigarren postutik zazpigarrenera jaitsi baita Rajatabla. Unzitik eusten dio lidergoari, 10 punturekin, eta Rajatablak 6 puntu dauzka, zazpigarren postuan. Zaldua hamabigarrena da, 2 punturekin. Larunbatean seigarren jardunaldia jokatuko da. Sailkapenean puntu berberekin baina zortzigarrena den Izalsa taldearen kontra jokatuko du zazpigarrena den Rajatablak, 16:00etan. Partida garrantzitsua izango da arerioa atzean uzteko. Bestalde, sailkapenean hamabigarrena den Zalduak hamarrena den Roca izanen du aurkari Antsoainen, 16:00etan. Ea arakildarrek bigarren garaipena lortzen duten.